Maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala

Online

Jn 15, 9-17

" niños abrazándose fraternalmente

0. TESTUA (osorik irakurri).

“Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean.

Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet.

Hauxe da nire agindua: Maita dezazuela elkar, nik maite izan zaituztedan bezala. Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela”.

1.- KOKAPENA – Testuaren azalpen laburra.

Irauteak (méneim) egotea esan nahi du, bizitzea, irautea, batera joatea, Izpirituarengan bizitzea, etengabe Berari konektatuta bizitzea. Hortik guztia Jesusekin batera bizi da, ezer ez dago Beragandik kanpo. San Pablok honela esango luke: “Jainkoarengan bizi gara, mugitzen gara eta existitzen gara”. Ez ezer eta ez inor ez dago bere maitasunetik at, ezta neure maitasunetik ere, Berarekin batera baldin banoa. Jesusen nahia hitzaldi honen amaieran azaltzen da: “Denok izan daitezela bat, Aita, Zu nigan zauden bezala eta ni Zugan. Haiek ere bat izan daitezela gugan”. Eta biztuera-testuinguruan irakurrita, zera esan nahi du, Hark, Jesusek, gurekin JARRAITZEN duela beti.

Zuei “adiskide deitzen dizuet, ez morroi”. Berari dagokionez, adikidetzat gaitu. Bere adiskidetasunarekin topo egingo dugu etengabe. Aurrerapauso handia da gu adiskidetzat hartzea, guri konfiantza ematea: “Aitak jakinarazi didan guztia kontatu dizuet“. Beste erlijio bizipen batzuk beldurrezkoak, menpekotasunezkoak, gizakia txiki bihurtzekoak dira, non Jainkoari leku egiteko pertsona ia desagertu egiten den. Hemen harremana adiskidetasunezkoa da.Gure onena iratzartzeko gai den harremana. Jesus-Jainkoa pertsona baten bizitzan agertzen den tokian, pertsona hau hazi egiten da gizatasunean eta maitasunean.

Nire adiskideak izango zarete agintzen dizuedana egiten baduzue.” Nola ulertu esaldi hau? Arazoa gure aldean dago: jasotako adiskidetasun horri erantzungo al diogu? Horrela izatea nahi badut, Jesusek hauxe agintzen digu: “Maite ezazue elkar“. Orduan bere uhinean sartzen gara, bere sintonian, Bere adiskide egiten gara. Berak beti gure lagun izaten jarraituko du.

Nola ulertu maitasuna? Honela: “Bizitza adiskideengatik ematea baino maitasun handiagorik ez dago“. Eta honek askatasuna ulertzeko modua ere argitzen du. Askatasuna, zertarako? Ulertzeko modu bat: nire interesen arabera erabakitzeko. Gurea, berriz, honako hau da: maitasunetik hasi eta adiskideen alde bizitza ematerainoko askatasuna. Maitasuna ‘agape’ gisa ulertzen dugu, hauxe baita doakotasun maitasun horri jarri zioten izena.

2.- Hain zuzen ere, orain hasiko gara otoitzean. ISILTASUNA EGINGO DUGU.

Ebanjelio-pasartearekin batera idatz itzazu orri batean isiltasuna egiteko urratsak.

3.- IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ (eszenara ITZULTZEN NAIZ). IKUSI, ENTZUN, DASTATU…

OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) puntuak izan daitezela.

Kontenplazio hau hasten dut testua nire aurrean jarriz. Idatzia izan aurretik, testu hau bizia izan da. Orain idatzitakoan sartzen naiz bertakoa bizitzen saiatzeko. Eta irudimenarekin sartzen naiz… begirune osoz, eta Jesusek Hamabiekin egindako Afariaren atalean zentratzen naiz, eta beraiekin zeuden beste batzuk ere gogoan ditut… eta Jesus berpiztuaren aurrean eszena hau gogora ekartzen dut… honako hau esaten entzuten diot Jesusi: “Aitak maitatu izan nauenez, horrela maitatu zaituztet nik ere. Iraun ezazue nire maitasunean”… Eta Hamabiei begiratzen diet, hitz horiek nola hartzen dituzten, Aitak maitatuak sentituz. Eta zera deskubritzen dut, ikasleak Jesusen “Bizi Iturria” sortzen den lekura eramanak sentitzen direla… Eta beraiekin ni maitatzen uzten ikasten dut, Bera nire barnean dagoela sentitzen… Barnekotasuna eskertzen… Denbora hartzen dut…

Eta barnekotasuntarte horretan, Jesusek kontatzen diena entzuten jarraitzen dut: “Adiskide deitzen zaituztet, ez morroi zuekin ez dut sekreturik, Aitak eman didana jakinarazi dizuet, nire konfiantza ematen dizuet”… Jesusek Hamabiekin duen etxekotasuna ikusten dut… Hamabiek gozatzen dute Jesusen adiskidetasunaz. Bera ez da inposatzen duen lider bat, baizik eta bere janaria partekatzen duena, bere jarraitzaileekin diru-poltsa amankomuna daukana eta lagunei bere bizipena kontatzen diena. Eta lagun hauek nola disfrutatzen duten dakusagu: norbait direla sumatzen dute, onartuak, konfiantzazkoak eta Jesusen ikasbidea bizitzera deituak… Nola sentitzen naiz? Zer ateratzen zait eskatzea edo desiratzea?

Eta Jesusek haiei bere sekretua kontatzen jarraitzen du, bere barrua hustuz, beraietaz fidatuz. Hauxe esaten die: “Hona hemen nire agindua: elkar maita dezazuela, nik maite izan zaituztedan bezala. Ez dago maitasun handiagorik, norbait bizitza adiskideengatik ematera eramaten duena baino“. Jesus lider bat da, lehenik bere asmoak praktikan jartzen ahalegintzen dena eta gero bizi izan duen hori irakasten duena. Ikasleek beren Maisuak eskainitako maitasun hori bizi dute eta beren artean azaltzen dute. Jesusen maitasuna, aldi berean, kutuna eta sendoa da, gozoa eta irmoa, maitabera eta indartsua… Jakinmin osoaz entzuten dut… eta beraiekin ikasi egiten dut. Hitzik ez galtzen saiatzen direla ikusten ditut, berandu izan arren… Jesusen eleak nola dastatzen dituzten eta pertsonalki maitatuak sentitzearen esperientzia hori nola bizi duten ikusten dut… Denbora hartzen dut.

4.- JESUS ETA BIOK.

Jesusek Hamabietako bakoitzari begiratzen dio. Baita niri ere… nirekin komunikatu nahi duela edo, apostoluekin egin duen bezala. Baina nire ustez ederra den tartea eskaintzen dit eta hauxe esaten dit: “Honela mintzo natzaizue nirekin poztu zaitezten eta zuen poza betea izan dadin. Bizi ezazu maitasun lagunkoi hori zuretarrekin, zure elkartekideekin, topo egingo duzun horiekin, zure etsaiak barne… Bizipen honek poza emango dizu…eta, bestela, egin ezazu proba”. Denbora hartzen dut bizi izan ditudan une berezi batzuk gogoratzeko: Zerbitzuzko maitasuna eta ez zurikeriazko maitasuna bizi izandako uneak, bihotzetik irten zaizkidan zerbitzuzko maitasun uneak”… Nola sentitzen naiz esperientzia hau gogoratuz?… Zer ateratzen zait eskatzea… eta zer eskertzea?

Eta oraindik ere zerbitzuzko maitasun hori hobeto ulertzeko galderak egiten jarraitzen dut. Eta hauxe esaten dit Berak: “Inork ez du maitasun handiagorik bere adiskideen alde bizia ematen duenak baino.” Bizia ematea… Gainditzen nauen maitasuna dela konturatzen naiz… eta zenbait oroitzapen gogora ekartzen hasten naiz: batzutan maitasunagatik doan eman dut denbora, bestetan besteen ongia nahi izan dudalako trukean zerbait ateratzeko inolako interesik gabe aritu naizela konturatu naiz… baina harantzago joateko Berari konektatuta bizi behar dudala esaten diot… Berak izenik gabekoei leku egiteko arriskatu zituen horrenbeste gauza –bere izena, bere egoera… bere bizitza— neuk ere arriskatu nahi ditudala esaten diot. Eta eskatu egiten diot… Denbora hartzen dut.

Eta Berari, nola entzuten didan konturatzen naizela, kezkatzen nauten gauzez galdezka jarraitzen dut. Holakorik: “Jada ez dut pertsona (lagun, bikotekide edo senide) horrekiko sentitzen nuen maitasuna nabaritzen, eta utzi egingo dut,” entzun ohi dudala esaten diot: Maitasuna sentimendu bat al da? Eta zera gogorarazten dit: “Maitasuna erabaki bat da: maita ezazue elkar nik maitatu izan zaituztedan bezala”. Eta aurrera egiten dut: baina maitasunaren ordez norbaitenganako gorroto-sentimendua baldin badut?…Eta hauxe gogorarazten dit: “Hasi hau eskatzen, pertsona horrenganako amorru – eta gorroto – sentimenduak eraldatu ahal izateko indarra… Jainkoak eguzkia aterarazten baitu on eta gaiztoen gainean, eta euria on eta gaiztoentzat… Jainkoak pertsona hori zeu maite zaituen bezala maite baitu. Saia zaitez gauza bera egiten!” Eta san Paulorena ekarri dut gogora, alegia Kristo Jesusen sentimendu berberak izatea. Eta hori eskatzen dut, Bere sentimenduen arabera biziz joatea.

5.- Eta otoitza amaitzen goaz Jesusekin SOLASEAN.

Otoitzean bizi izandakoa jasoz, hasteko. Gehien iritsi zaidana kontatzen diot, niretzat zihoala zirudiena… gehien identifikatu naizen hori: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen dizkiot. Eta horrela amaitzen dut, Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Santuaren izenean. Amen.

keyboard_arrow_up