Jn 15, 1-8
0. TESTUA (osorik irakurri)
“Neu naiz egiazko mahatsondoa eta nire Aita da mahastizaina… zuek aihenak zarete… Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala. Aihenak mahatsondoari itsatsia ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, ez eta zuek ere niri itsatsiak ez bazaudete.
Norbait niri itsatsia badago, ni berari bezala, horrek fruitu asko emango du; ni gabe ezin baituzue ezer egin. (…) Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean.”
1. KOKAPENA – Testuaren azalpen laburra
Mahatsondoaren eta aihenen testua, funtsean, elkarteari dagokio. Pablok erabiltzen duen Kristoren Gorputzaren antzeko irudia da. Aihenak mahatsondoaren luzapena dira. Beraietan izerdi bera dabil. Eukaristia testuinguruan, ogia janez eta ardoa edanez, elkartekide bakoitzak gure bizitzan Izpiritua, Jesusen izerdia sartzen uzten dugula esango dugu. Eta horrela –Kristo Jesusen sentimendu berberetan– eraikitzen da elkartebizitza eta haurrideen gizartea.
IRAUTEA. Testu honen gakohitza: “Iraun ezazue nigan, aihenek mahatsondoan bezala. Horrela fruitua emango duzue… iraun ezazue nigan, nik zuengan bezala”. Argi dagoena zera da, Jesusek beti gugan irauten duela. Beraz, Berak gugan irauten jarraitzea gure esku dago soil-soilik. Nahi badugu iraun egiten dugu, eta nahi ez badugu, ez. Modu iraunkorrean irauteak “egotea” dakar, Jesusekin bat izatera iritsi arte, Bere sentimendu berberak izatera iritsi arte. Baita bat izatea bai Jainkoarekin bai besteekin ere, Jainkoa guztiongan dena izan arte. Iraute hau kontenplazioan, Erreinuaren aldeko jardunean eta elkartean elikatzen da.
Testu hau Pazkoan irakurtzea proposatzen digute, hau da, berpiztuaren bizipenari lotua. Berpiztua da gugan etengabe irauten duena. Bere presentzia iraunkorra da, eta beti gurekin duen adiskidetasun-lokarriari eutsi nahi dio: “Ni naiz mahatsondoa, zuek aihenak… iraun ezazue Nigan, Nik zuengan bezala… horrela fruitu asko emango duzue“. Une batzuetan, Bere presentzia gugan sentituagoa eta hunkigarriagoa da, gehiago nabaritzen da (ebanjelioan agerpenen unea da, aldaketa ezohiko eta bat-batekoa), eta beste batzuetan, berriz, areago konfiantzazko presentzia da, adiskidetasun heldu baten antzekoa, samurtasun asko behar ez dituena, gertu egotea baizik. Bi era hauetara irauten dugu eta fruitua ematen.
2. Otoitz egiten, berez, orain hasiko gara – ISILTASUNA EGINGO DUGU
Kokaera edo postura bilatzen dugu… ez oso tenkatua, ez oso erosoa, oinpeak lurrean bermatuak, bizkarra zuzen… (5 segundo).
Eta arnasa behin baino gehiagotan hartzen dugu sakonki… arnasketak (ito egiten gaituzten) gure pentsamenduetatik ateratzen laguntzen digu eta orainean jartzen gaitu (8 segundo).
Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz… Gure kezketatik urrunduz goaz (8 segundo).
Gure barnealdearekin konektatzen gara, barruan dugunarekin, gure Bizi-Iturriarekin (5 segundo).
Barruko isiltasuna ari gara egiten. Arnasa hartzen jarraitzen dugu (5 segundo).
Isiltasuna ez da zaratarik eza, nia edo egorik eza baizik (5 segundo).
Testuari heldu aurretik, guk geuk bi jarrera prestatzen ditugu: konfiantza (neure burua eramaten uztea) eta dedikazioa.
3. Ikusi egiten dugu, entzun, TESTUA DASTATU. Presente egiten naiz, eszenara itzultzen. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…
OHARRA: Eten-puntuak izan daitezela geratzeko eta kontenplatzeko (dastatzeko eta sentitzeko) lekua.
Kontenplazio honi hasiera ematen diot nire burua testuan sartuz, zeina idatzi baita nik gaur bizi dezadan… Jesusek Hamabiekin egindako afariari buruzko pasartean errespetuz sarzen naiz, eta orain gogora ekartzen dugu afari hura berpiztuaren bizipenaren argitan… Jesusekiko intimitate une batean, afaltokian, olio-kriseiluaren argitan, Hamabien ondoan nago… Pazko tradizioa eta Egiptopeko esklabotzatik askapena gogora ekarriz… Egoten, entzuten, intimitatea dastatzen ikasten dut… Denbora hartzen dut.
Hamabien eta Jesusen arteko intimitate giro horren barruan bizi naiz, desiorik pertsonalenak adierazten diren lekuan. Eta berriro entzuten diot Jesusi “Ni naiz mahatsondoa, zuek aihenak. Iraun ezazue nigan, nik zuengan bezala”. Bat izateaz, elkarte izateaz ari zaie hizketan, haiek osatzen duten elkarteaz. Nolako elkartea?Aldi berean besteei emanak eta handizaleak, leialak eta nagiak, egiazaleak eta beldurtiak diren pertsonek osatzen dutena, baina hala ere elkarte eta elkarbizitza egitera deitutako pertsonek osatua… Begiratu egiten diet eta nire erretratu argia aurkitzen dut. Nola sentitzen naiz? Zer nahi dut?
Intimitate egoeran jarraitzen dut eta hauxe entzuten: “Neu naiz mahatsondoa, zuek aihenak. Ni gabe ezin duzue ezer egin. Niri itsatsirik ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezalaxe. Aitak fruiturik ematen ez duten nire aihen guztiak ebaki egiten ditu; fruitua ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean.” Hamabiek eta han dauden gainerakoek, Jesusen desira horietatik hitz bakoitza berreskuratzen dute, desira hauek ez baitira barnekoikerian geratzeko, baizik eta fruitua emateko… kontua irautea da, fruitua emateko denok batera joatea, zerbitzuzko maitasuna muturreraino bizitzea… Nola kokatzen naiz? Zer eskatzen dut? Zer nahi dut?
4. JESUS ETA BIOK
Jesusek Hamabietako bakoitzarengan jartzen du begirada, baita nigan ere…nirekin harremanetan jarri nahi balu bezala, beste bat banintz bezala, ikasleekin egin duen bezala. Nire ustez ederra den denbora eskaintzen dit… “zuek zarete aihenak” esaten dit. Norekin egiten duzu elkartea? galdetzen dit, eta nik kide ditudan talde –familia, eliza, adiskide, gizarte-aldaketarekin engaiatuta nagoen lagunarte…– ezberdinetako pertsonen izenak kontatzen dizkiot. Hauetako bakoitza gogora ekartzeko denbora hartzen dut… norekin egiten zaidan gogorren edo nork inspiratzen nauen gehien edo… Eta beti bizikidetza, baita etengabe eraikitzen ari den elkartea ere egiten ikastea eskatzen dut… eta eskerrak ematen ditut.
Jesusi zera kontatzen diot, elkarte-giroa hemen, mundu honetan, bizi dugula, hain konplexu, anitz eta zalantzazko bihurtu den mundu honetan, non hain zaurigarri eta hauskorrak sentitu garen, non gure ziurtasunak erortzen joan diren eta, aldi berean, hain berekoi den, pertsona bakarreko solairutan hainbeste milioi pertsona bizi diren, askatasunari buruzko ideia hain interesatuarekin, non gure zilborrari hainbeste begiratzen dion eta hain gutxi gure lagun hurkoari… Eta hauxe entzuten diot: “Neu naiz mahatsondoa, zuek aihenak…Nigan iraun ezazue eta horrela fruitua emango duzue.” Horrela igaroko da nire izerdia zuen zainetatik eta elkarte egiteko gai izango zarete gaurko moldean, gaurko kulturan…Eta konfiantzaz entzuten diot… Nola sentitzen naiz? Zerbait eskatu nahi al diot?
Berak nigan irauten duela jakinda, Berarengan irauteko nire aldetik zer egin behar dudan da kontua, eta galdetu egiten diot. Bere erantzuna: “Irten zaitez zeurekoikeriatik, nahi izatetik eta interesetik… Arnasa lasai hartu… Utzi ezazu zure burua bizi-erritmoak eramaten… har ezazu une batez distantzia ezartzen dizuten erritmotik, ohikoa den erritmotik… Zure buruarekin konekta ezazu. Eta gero konekta ezazu barnean duzun Bizi-Jainkoarekin… utz iezaiozu Bere begiradaz, Bere sentimenduez blaitzen, eta orain begira iezaiozu horrela zeure buruari eta besteei… Berarengan daudela ikus itzazu, senti itzazu denok Bat Berarekin… eta denbora hartzen dut… Jainko horrekin, pertsonekin, naturarekin… bat naizela sentitzen ari naiz.
5. Eta otoitza amaitzen ari gara Jesusekin SOLASEAN
Otoitzean bizi izandakoa jasoz egiten dut solasaldia… Gehien iritsi zaidana kontatzen diot, niretzat zihoala zirudiena… gehien identifikatu naizen hori… testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen dizkiot… eta horrela amaitzen dut, Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Santuaren izenean. Amen.