Nire txiki hauetako bati egin zeniotena, neuri egin zenidaten

Mt 25, 31-46

0. TESTUA (osorik irakurri!).

Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere erregeaulkian eseriko da. Herri guztiak haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala, eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu. Orduan erregeak eskuinekoei hau esango die:

“Zatozte nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua. Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri.”

Orduan zintzoek honela esango diote:

“Jauna, noiz aurkitu zintugun gose eta jaten eman genizun, edo egarri eta edaten eman? Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?”

Eta erregeak:

“Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten.” (…)

1. EGOERA. Testuaren azalpen laburra.

Jesusen azken parabolara goaz. Tokian tokiko testuinguru batetik beste testuinguru OROKOR batera igarotzen gara. Jesusen garaian juduek azken epaiketa bat egongo zela sinesten zuten, non Jainkoak Herri hautatua salbatuko zuen, eta beste herriak ez. Baina epaiketa, Jesusentzat, juduen Herriak uste zuena ez bezalakoa da. Denontzat da, ez bakarrik kristauak salba daitezen eta besteak ez, baizik eta epaiketa, salbamena, errukia praktikatzen duen gizaki ororentzat da, dena delako nazioarena, dena delako alderdiarena, dena delako ideologiarena, edozein koloretakoa dela, gizon zein emakume. Epaiketa hitza Itun Zaharreko Epaileen Liburuari lotuta dago. “Epaileak” Herria salbatzeko izendatuak dira. Jesusen epaiketa salbatzeko da. Eta salbamenak, bizitzan asmatzeak, errukiarekin zerikusia du.

EZ da ERLIJIO-gaia. Planteamenduan ez dago ezer erlijiosorik. Ez dute galdetzen ea otoitz egin duzun, ezta mezatara, sinagogara, meskitara, kultura edo zure praktiketara joan zaren ere. Edozein sinismenetako edonorentzat balio du, fededuna izan edo dena delakoa. Horregatik, ebanjelioa guztiontzat da eta berdin kristau espiritualtasuna. Orduan, Jesus norentzat da? Guretzat, gizakera bete-betean bizitzeko bidea da. Horregatik ez da konfesionala. Edozein pertsonari proposa diezaiokegu eta, beraz, herritartasun benetan inklusibo, solidario eta errukiorraren ildotik.

Erregea zenaren irudia. Erregea da behartsuei justizia egiten ziena. Jesusek Jainkoaren Erreinuaren gogoeta jartzen du abian: (Lk 4,16-19) “Jainkoaren Espirituak nire gainean dago, berak bidali nau gatibuei askatasuna eta behartsuei berriona adieraztera… eta graziazko urtea aldarrikatzera” (graziazko urtea, alde batetik, guztiontzako egokiera-berdintasunean datza eta, bestetik, guztiei leku egiten dien bihotz konbertituan). Gogoan dugu Aitagurean “Etor bedi gugana zure Erreinua” egiten dugula otoitz.

Pertsonei egiten diezuna Jainkoari egiten diozu, besteak tratatzen dituzun bezala Jainkoa halaxe tratatzen duzu, Jainkoa errealitatean eta, batez ere, pertsonengan bizi delako: “Jainkoak bere irudira sortu gintuen, gizon eta emakume sortu zituen“. Eta hori Jesusen haragitzeak berresten du. Jesus, Jainko gizona, Jesusen pertsonarengan aurkitzen dugu. Hortxe egon zen Jainkoa, eta hortxe dago Jainkoa gaur egun, gizakiengan, haietaz, beren giza izaeraz arduratzen.

2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.

Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.

– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin ko- nektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.

– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.

Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.

3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…

OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.

Gertaldian kokatzen naiz, barrura sartzen naiz, bertan banengo bezala, Hamabien eta Jesusi entzuten ari diren bere hitzekin konektatzeko prest daudenen ondoan. Tenpluaren esparruan jarraitzen dugu. Jesusen inguruan giza talde ahul bat dago, hauskorra, egoera hartan bizitza duinerako aukerarik ez duena. Bizia izan nahi dute, salbazioa eta, erlijio-ulermen nagusiaren arabera, kanpoan geratzen dira, ez baitute konplitzen eta ez baitakite zer konplitu behar duten. Jesusek Jaungoikoaren gogoan kokatu nahi ditu, Berak denentzat aurkitu duen gogoan: errukian. Eta egoera horretan murgiltzen naiz.

Jesusek hitza hartzen du, oso garrantzitsua den zerbait kontatzen hasten da: “Gizonaren Semea datorrenean… bere tronuan eseriko da, nazio guztietatik bilduko ditu eta batzuk besteengandik bananduko ditu, artzainak ardiak eta ahuntzak banantzen dituen bezala…” eta Bizia nondik doan adierazten die: “Zatozte nire Aitaren — konfiantza osoko Jainkoaren— bedeinkatuak, gose nintzen eta jaten eman zenidalako, egarri eta edaten eman, atzerritarra nintzen eta hartu ninduzun, arroparik gabe nenbilen eta jantzi egin ninduzun, gaixotu egin nintzen eta bisitatu ninduzun, kartzelan nengoen eta ni ikustera etorri zinen…” Eta egiazko bizitza dastatzen dut, barrutik ateratzen zaigun errukia dena eta ez kanpo-arauak betetzea, arau horiek bete ditzagun aginduta baitaude. Denbora hartzen dut.

Eta Jesusi entzuten diot hau esaten: “Gose ikusi ninduzun eta ez zenidan jaten eman, kalean eta ez ninduzun babestu, kartzelan eta ez ninduzun bisitatu…” Jakinmin osoz jarraitzen dut esaten duena, zerk ez duen bizia ematen aurkitzen, zerk uzten dituen pertsonak baztertuak, eta nola Jainkoak barne hartuak nahi dituen, nola giza miseria ororen aurrean errukizko erraiekin bizitzeak pertsonak barne hartzen dituen, Biziak zabaltzea ahalbidetzen duen. Hamabiekin batera liluratuta bezala geratu ginen. Jesusen hitzak errepikatzen ditugu gure bizitzea desiratuz.

 4. JESUS ETA BIOK.

Jesusi entzuten dion taldean nago. Une batean, gure begiradak gurutzatzen dira, eta pertsonalkiago aurkitzen naiz Berarekin eta zera kontatzen diot, arduragabetasun kultura ezarri nahi den munduan gaudela, ahaztu egiten dela hainbeste pertsona, talde, enpresa transnazionalen grinengatik baztertuta geratzen direla, haiek beren irabaziei eta metatzen jarraitzeko irrikari soilik begiratzen baitiete. Hauxe azaltzen diot: “Horixe da garai honetako erlijio nagusi bihurtu nahi dutena, Bizi aukeratik kanpo hainbeste gizaki uzten dituena.” Eta erruki-erraiez begiratzen dit.

Eta Jesus: “Zu saia zaitez Abba Jainkoarena bizitzen, izan zaitez hiritar errukitsua, gose eta egarri direnei eta arroparik gabekoei, etxerik gabekoei, gaixoei, espetxeratuei… aurpegira begiratzen diena… Horiek neu naiz. Eta jarraitzen du: “Sortutako guztiari lotuta nago ezinbestean eta, jakina, gizaki orori. Espiritu Santuaren Tenpluak zarete, sakratua zarete: zu eta nire anaiarrebak sakratua zarete.” Eta errukia izatea eskatzen diot, giza gabezia nire gain hartzeko bihotza, gure kulturek Bizia izan dezaten. Eta denbora hartzen dut.

Eta tematu egiten zait: “Erantzun ezazu gaur sormenez: behar duten adinekoei, gaixoei, seme-alabei, lagunei, hautsitakoei, porrot egindakoei edo hutsetik hasi behar dutenei arreta eskainiz. Eta hainbeste gerra eta mendeku egoera, non jendeari bizia kentzen diogun, bizidunen lurraldetik aldentzen ditugun.” Eta gogotsu sentitzen naiz Zuri, Biziaren Jainkoari lotutako bizia loratzen laguntzera, Bizi, mugitu eta existitzen garen Zuregan, erreala den guztiarekin lotzen gaituzun Zuregan. Eta zure nahia dastatu egiten dut eta nahi hori bizitzea eskatzen.

5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.

Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen… begirunekeinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpenkeinuaz (gurutzearen zeinuaz)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

Amen

keyboard_arrow_up