Lc 11, 1-13
0. TESTUA (Irakurri osoa)
Behin batean, Jesus otoitzean ari zen toki batean; amaitu zuenean, bere ikasleetako batek esan zion:
– “Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala”.
Jesusek esan zien:
– “Otoitz egitean, esazue:
Aita, agertu santu zeure izena, etorrarazi zeure erregetza; emaguzu egunean eguneko ogia, eta barkatu gure bekatuak, guk ere zor diguten guztiei barkatzen baitiegu, eta ez utzi gu tentaldian erortzen“.
Gero, esan zien:
– “Eman dezagun zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: Adiskidea, emazkidak hiru ogi, bihurtuko ditiat eta; lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat ezer eskaintzeko”. Eman dezagun besteak barrutik erantzuten diola: Utz nazak bakean, atea itxia zegok eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki. Hona nik esan: Adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta eman egingo dio behar duena. Hauxe esaten dizuet, beraz: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue. Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Ba ote da zuen artean aitarik, semeak arraina eskatu eta arrainaren ordez sugea emango dionik? Edo arrautza eskatu eta eskorpioia emango dionik? Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei”.
1. EGOERA. Testuaren azalpen laburra.
Askotan galdetzen diogu geure buruari zertarako edo nola egin beharko genukeen otoitz eta Jesusen ikasleek ere horixe bera galdetu zioten. Jesusen jardunak erakarri eta gogoberotu egiten zituen eta bazuen Jesusek aurrera iraunarazten zion indarra ere. Ikasleak igarrita zeuden otoitza zuela Jesusek bietarako iturri. Ez dirudi Gure Aita otoitza lehen egunean bertan goitik behera osatu zutenik, aldika edo apurka baizik. Osaera edozein izanik ere, Gure Aita Jesusek errezatzen zuen otoitza da. Bi ezaugarri azpimarratuko ditut: batetik, “Gure Aita” da, gu guztiona, ez da nire Jainkoa edo neure otoitza; bestetik, nire nahietatik haratago naraman otoitza da, Jesusen gogora naramana, Jainkoaren gogora. Zazpi eskaera ditu Gure Aitak: Abba, Jesusek hala deitzen zion Jainkoari; agertu santu zeure izena, Maitasun-misterio horri leial zaio; etorrarazi zeure erregetza, senidetasun unibertsaltzat har liteke eskaera hau, berdinen arteko harremanak eta Jainkoaren samurtasun maitagarriaz lepo dauden bihotzak ardatz; egin bedi Zure borondatea, Jainkoaren borondatea bilatzeko otoitza da -ez nire interesak- Jainkoaren borondatea gizadia muturreraino maitatzea dela uste duelako Jesusek; besteak maitatzeko nire txikitasuna edo gaitasuna askogatik gaineratzen du. Horregatik gabiltza Bere borondate bila, ez gurearen bila.
Bigarren zatia ogiarekin lotuta dago: gaur emaguzu etorkizuneko ogia eta denontzat irits bedi. Gu nola barkatu gaituzten, hala barka ditzagun besteak. Ez gaitzazu tentaldian erortzen utzi: Jesus Berak bizitu antzera bizituko ditugu tentaldiak guk ere. Ez dezagun amore eman tentaldiaren aurrean. “Eskatu eta emana izango zaizue… zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei?”. Hau da Jainkoaren oparia, une alai zein atsekabezkoak Espirituarekin bizi ditzagula, eta ez loteria toka dakigun, edo lanean jarraitzea nahiz ez gaixotzea.
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.
Arnasa hartzen dugu sakonki. Arnasak estutzen gaituzten pentsamenduetatik ateratzen laguntzen digu eta orainaldean zentratzen gaitu, dagoen honetan.
Lasaitu egiten gara. Zentratu eta barreiaketa ekiditen dugu. Gure kezketatik aldentzen gara… Beranduago berriro ekingo diegu…
Gure barnearekin konektatzen gara, gure barnean dugun ‘Horrekin’, gure Bizi Iturriarekin. Barne isiltasuna egiten saiatzen gara. Lehenik, isiltasuna ez da zaratarik ez egotea, egorik edo nirik ez egotea baizik. Isiltasuna egiteko onena hauxe da: “geure maitasun, gurari eta axolatik irtetea”.
Sakonki entzuteko prestatuz goaz. Hauxe eskatzen dugu, otoitzaldi hau konfiantzaz-prestutasunez eta arduraz bizi ahal izatea.
3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…
OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Neure burua Jesus eta Haren ikasleen artean ipiniko dut, Jerusalemera bidean. Ikasleak ugari dira: aukeratutako hamabiak eta beste asko. Samariako mugaldera 72ak bidali ditu, Betanian Idazteunari buruz solastatu zaio Mariari, lagun hurkoa ideia -ideia berritzailea- mahaigaineratu du… Hau dena egin du Jesusek Jerusalemera bidean eta orain, ikasleak datozkio galdezka: “Otoitzean irakats iezaguzu”, “nondik ateratzen duzu zure egintza eta jokabiderako indarra”… Neronek ere zera galdetu nahi diot: esaguzu zerk mugiarazten zaituen sakonean, norekin zaitugun harremanean, zu pizten zaituen txinparta zein/nor den, Jainkoa deritzogun Misterioa helduleku nola iristen zaren erabakiotara… Hemen luzaroan goxa dezadan…
Orain nire arreta Jesusi eskainiko diot: “Otoitz egitean, esazue: Aita, agertu santu zeure izena”. Jesusek bere izena, Abba, nola ahoskatzen duen arreta jarriko dut… begirune eta gurtza osoz dio… Abba… hezur-muinean duen Misterioagan uste osoa du Jesusek eta liluragarri zait, Misterio horrek iraunarazten baitio eta unibertsoarekin batzen, senidetasun estuan, senideak zainduz… denok hezur-mamian dugun Misterioaz jabetu eta goxatuko dut… neronek dut Misterio hori nire hezur-haragian, neure muinean, “nire Aita eta Zuena” dio Jesusek; asegarri zaidan une honetan disfrutatu… behar adina denbora hartuko dut.
Entzuten diraut: “etorrarazi zeure erregetza”… segi, “ludi zabaleko senidetasuna irits bekigu, Abbagan uste osoa izateak iritsaraziko diguna; Abbaren bihotza eta gu guztiona bat eginda daude, Abbaren bihotza ororekin dago lotua… maitasunean… baita barkamenean ere, gaitz eta min egiten digutenean, gure ondasunak lapurtu, izen ona kendu”… mundu honetan hautsia dagoena konpontzen saiatzen den senidetasuna da hemen azaldutakoa eta horrela da Jesusen emateak ez duelako mugarik: bere barkamenak ez duelako mugarik… benetakoa da senidetasuna, indartsua da senidetasuna, dasta dezadan… nola sentiarazten nauen dasta dezadan.
4. JESUS ETA BIOK. GAURKOAN KOKATZEN NAIZ. PANDEMIA HONETAN.
Eserita darrait. Lekua zoragarria bihurtu zait, bertan begiesten eta bizitzen ari naizena hala delako… berriz ere errepikatuko ez den unea da eta esku artean dut… Jesusi entzuten ari natzaio: “ emaguzu egunean eguneko ogia”… aurrera egin du, “biharko ogia, betikoa, gaur emaguzu”… eta zerua nolakoa izango den irudikatu ahala, hori bera lurrean egia bihur dadin dela koska konturatuko naiz, guztiontzako egia… Abbak ulertzen gaitu eta bere ulermena eskertuko dut: ulermen hori gure artean dugu, orain eta hemen bertan, eta ororekin egiten du bat… zeru-lurrak batzen dituen ulermena du Abbak…
Jesusi ari natzaio entzuten, ez dut txintik galdu nahi: “ eta barkatu gure bekatuak, guk ere zor diguten guztiei barkatzen baitiegu”… Barkaezinak zaizkidan hainbat eta hainbat egoera gogora ekarriko ditut: gudak, hilketak, sarraskiak, torturak… Jesusek gurutzean zela barkatu zuen… esker diezaiodan, aditzera emandakoa -aldarrikatutakoa- bete zuelako… behar adina denbora hartuko dut.
Honela du amaiera: “eta ez utzi gu tentaldian erortzen”… Jesusi adi nagokio, “etsitzekotan izaten gara maiz, anai-arreba bilakatuko gintuzketen egiteak zokoratu eta beste zer edo zer egiteko gogoz… nire helburu eta interesen atzetik aritzeko zirikapena nabari dut, gu guztionaren bilaketan aritu ordez”… ez nadin tentaldian erori eskatuko diot Jesusi… ez gaitezen tentaldian jausi eskatuko diot… nola nago? Nola dut barrunbea?
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jaso egiten dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot edo eskerrak ematen dizkiot… erreberentzia keinu batez, eskuak elkartzea, eskerronez, eskuak zabalduz edo onarpenaz: gurutzearen seinalea… eta berriz leku honetara itzultzen naiz… askatuz oinaz, zabalduz eskuak… begiak irekitzen ditut…
Amen.