Jn 10, 11-18
0. Testua: Jn 10,11-18 (osorik irakurri)
Garai hartan, Jesusek honela esan zuen:
“Ni naiz Artzain ona. Artzain onak bere burua ematen du ardien alde. Morroiak, artzain eta ardien jabe ez denak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du. Orduan otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan ere, morroiari lansaria zaio axola eta ez ardiak. (…)
Horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta eskuratzen berriro. Inork ez dit bizia kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea eta neure esku berriro hartzea. Hori da neure Aitarengandik hartu dudan agindua”.
1. KOKAPENA – Testuaren azalpen laburra
Irakurri dugun testua Jesusen eta juduen (fariseuen) arteko eztabaida giroan kokatzen da, jaiotzez itsua zena sendatu zenetik orain arte luzatzen den giroan. Eta Joanek Jesusen ahoan ipintzen du gaurko testua. Jesusek Jainko-Herriaren zerbitzura jartzen ez den boterearen salaketa izan nahi du. Jesusek bere Aitaren agindua du, besteei bizia ematea eta bere bizia ema-tea. Bere burua arriskuan jartzen ez duen morroiaren aurrean, artzainak bere burua ematen du ardien alde. Kontakizun honekin, Joanek Jesusek gure bizitzan duen presentziaz ohartarazi nahi gaitu. Gugan egingo da presente, gure burua mugarik gabe ematen dugunean, maitasun bizipen batetik jarduten dugunean, Jainkoak egiten duen bezala, Bera maitasuna baita.
Zer zen garai hartan “artzain on” bat? Gaur egun oso zaila da zer den jakitea, ia ez baitakigu artzaina zer den ezagutzen… jende gutxik du bizipen hori, agian baserrietakoek. Gehienok badakigu artzain eta ardiei buruz, telebistan ikusi ahal izan dugulako edo libururen batean irakurri, baina ez dugu bizi izan, ezta zuzenean ezagutu ere. Artzain batek, Jesusen garaian, artalde txiki bat izaten zuen, berak zaintzen zuena, eta ardiak banan-banan beren izenez ezagutzen zituen. Bere artaldea ez zen ardi talde soil bat. Artzainak bazekien bere bizitza eta bere familia osoarena haien beharrean zeudela. Esnea, artilea eta gazta… ematen zizkieten, bizi izateko ezinbesteko zutena. Artzaina ez zen ardiak diruagatik soilik zaintzen zituen soldatapeko gizona. Gauzak maitasunez egiten zituen eta bere bizitza arriskatzen zuen, beharrezkoa bazen, ardi bakoitza babesteagatik.
Biblian, artzaina agintariak aipatzeko oso erabilia zen metafora da. Artzain onak zeuden bezala, artzain txarrak ere ezagutzen ziren. Jainkoa, sarri, bere herria zaintzen duen artzain gisa aurkezten da. Joan, gaurko testuan, Jesusen bizitza eta heriotza gogoratzen ari da, eta horrela egiten du, ziur aski, Jesus nor izan zen ezagutu ez zutenei helarazteko modurik errazena zelako, artzainik onenaren gisa alegia. Ez edozein artzain, baizik eta bizitza osoan bere burua besteen zerbitzura jartzen duen Artzaina (letra larriz idatzia).
Gaur egun artzaina aipatzean tentaldi erraza da gotzain eta apaizez ari garela pentsatzea… Ez da horrela. Joan, Jesus Artzain bezala ari da azaltzen, eta gainerakoak ardiak bezala (baita apezpiku eta apaizak ere). Izan ere, Jesusek ez du bere ardiak sartzeko artegi bat (Eliza) sortu. Jainkoa ez da Eliza bakarrik zaintzen duen Norbait, baita mundu honetara datorren pertsona oro ere bai. Horrela bat izan gaitezke –nazio, kultura, gizarte-klase, kasta, erlijio, Jainko- arengana iristeko era…– gizateria hain anitz, hain aberats, hain konplexu den honen Zaintzaile bakarrarekin. Jainkoa, gu zaindu eta bat egin nahi gaituena dugu, elkarrenganako maitasunez bere Espirituan bizitzeko, bizitza ematerainoko Jainkoa. Eta Frantzisko (aita santuak) Erromako gotzainak, harreran, defentsan, sustapenean eta integrazioan zaurgarrien direnekin argitzen esplizitatzen du.
2. Otoitz egiten hasten gara – ISILTASUNA EGINGO DUGU
Isiltasuna egiteko urratsak eskura izan ditzakezue orritxo batean kopiatuta, gaur ikusiko dugun ebanjelio-pasartearekin batera. (Isiltasuna egiteko urrats zehaztuak behar badituzu, sar zaitez hemen: otoitz kontenplatiboa/oración contemplativa lekuan).
3. Ikusi egiten dugu, entzun, TESTUA DASTATU. Presente egiten naiz, eszenara itzultzen. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…
OHARRA: Eten-puntuak izan daitezela gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua.
Otoitzean hasten naiz bertan banengo bezala, Jesusekin. Jerusalenera igo da eta juduekin ikamikan ari da, zenbait agerraldi eta zeinu direla medio. Horri esker, pertsona batzuek bizirik jarraitu ahal izan dute. Harremanetan jartzen naiz Berarekin, begirunez. Bere ingurukoei begi ratzen diet, Hamabi lagunei eta beste hainbati…eta denbora hartzen dut nire burua presente egiteko… giroa larri dago, baina Jesusek bere misioarekin aurrera jarraitzea erabaki du. Nola sentitzen naiz testuinguru honetan? Zer gertatzen da nire beldurrekin? Zer eska dezaket? Bere ausardia nahi dut. Denbora hartzen dut.
Eta presente jarraitzen dut, Jesusek bat-batean hitza hartzen duenean: “Artzain Onak ardien alde ematen du bizitza”. Entzun egiten dut eta Artzain Ona Berarekin identifikatzen dut, horixe baita Jesus herri horretan egiten ari dena, alegia galdutzat ematen diren ardien bizitza defendatzea, inork defendatzen ez dituenak. Eta zera dakar gogora: “Morroiak, artzain eta ardien jabe ez denak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du. Orduan otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan ere, morroiari lansaria zaio axola eta ez ardiak.” Artzainaren logika morroiaren logikarekin kontrajartzen duenean entzuten diot. Konparazioa barneratzeko denbora hartzen dut, Jesusek gizarte hark baztertutako hainbeste pertsona defendatzeko bereganatzen duen arriskua ikusiz. Nola geratzen naiz?
Bere ondoan noa, Jesusek Jerusalenen bizi duena begiratzen dut, inguruan jendetza duelarik, gertukoak (lagunak) eta etsaiak, denetarik. Begiratzea ikustea baino gehiago da: Apropos, gogoz ikustea da. “Ni Artzain ona naiz, nire ardiak ezagutzen ditut, eta nireek ezagutzen naute, Aitak ni ezagutzen nauen bezala, eta nik Aita ezagutzen dudan bezala; nik neure bizitza ardien alde ematen dut“. Eta “Kain, non dago zure anaia?” galderaz oroitzen naiz. Eta Jesusek bere burua eroritako anaia/arrebaren, defendatzailerik ez duen atsekabetuaren begirale, zaintzaile egiten du. Jendeak arretaz entzuten du. Jende honi erreparatzen diot eta besteak zaintzeko duten gurariei ere. Zer sentimendu igarotzen dira nire barnetik? Eta hau guztiau begitan hartua zutenen aldetik Jesusek arriskua usaintzen jarraitzen duela ez zait ahazten. Zer helarazten dit niri egoera honek? Bere ondoan egon ahal izatea eskatzen dut.
Ondoren, Jesusek hitz egiten ari zaien pertsonen begietara egiten du so, kontatzen ari zaiena ezer galdu gabe, xehetasunez, entzuten ari direnen begietara. “Baditut, gainera, beste ardi batzuk, artegi honetakoak ez direnak; horiek ere ekarri behar ditut, eta nire ahotsa entzungo dute, eta artalde bakarra egongo da, Artzain bakarra”. Bihotzeraino sartzen zaizkidan hitzak entzuten ditut, egiten dituen keinuak, ematen ari den mezua sendotzen dutenak. Ikusi egiten dut nola nahi duen zirkulua zabaldu, ez dagoena zaintzen ez geratzea, baizik eta berrien bila irtetea, etsipenean erori gabe… zaintza guztiengana iristea. Nola geratu naiz? Zer mugitzen da nire baitan? Zer eskatzen dut? Zertan ikusten dut nire burua islatua?
4. JESUS ETA BIOK
Eta jendetza horren erdian, Jesus bere begirada pasatzen ari da denen artean, harik eta Berarengan zentratuta dagoen nire begiradarekin topo egin duen arte… eta nirekin topo egin nahi izan balu bezalako egoera da… eta gustura onartzen dut gonbidapena eta haren aurrean jartzen naiz. Zera gogorarazten dit: “Horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta horrela eskuratzen berriro. Inork ez dit kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea eta neure esku berriro hartzea: hauxe da neure Aitarengandik jaso dudan agindua”. Hitzik galdu gabe entzuten dut, non Jesus hainbeste inplikatzen den zerbait… eta neure egiten dut. Nik ere horrela bizi nahi dut. Zer eskatzen diot? Zer gertatzen da nire barruan? Zerbait mugitzen al da?
Eta Berarekin, gaur egun gizarte honetan galdutzat jotzen ditugun pertsonak deskubritzen ari naiz, eta erakutsi egiten dizkit, zera esaten didala: “Pandemia honetan beren adinagatik diskriminatu diren adinekoak, jaiotzen ere uzten ez ditugunak, lehortearen goseteek hil dituztenak, txertoa hartzeko lehentasunik ez dutenak eta seguruenik izango ez dutenak, lanik gabe, paperik gabe geratu direnak, edo sinpleki beren gurasoek eskutik utzi dituztenak, beraiek behintzat bizirik atera daitezen, espetxeetan beren patura utzitakoak… Astiro begiratzen diet horrenbeste eta horrenbesteri artzain ona, zaintzaile… izateko gogoz… Erronka ederra! Nola geratzen naiz? Nola izan ninteke holako pertsonen artzain-zaintzaile? Zer eskatu?
Eta Jesusi kontatzen ari natzaio, baita ere, zeintzuk aritu diren eta jarraitzen duten artzain-lanetan, beren hurbilekoen zaintzaile-lanetan: adineko beren bizilagunengana hurbildu direnak, Erkidegoko erakundeen dirulaguntzak behar dituztenengana iristeko borrokatu direnak, etorkizuneko ikuspegiarekin, arnasgailurik gabe geratzen zirenen osasunaren alde borrokatu direnak, gazteen hezkuntza-jarduera geldiaraz ez zedin ahal izan duten guztia egin dutenak, arrisku handiak hartu dituztenak ere, beren bizitzak barne, baita gaurko zaintzaileak, gizonezkoak zein emakumezkoak… Denbora hartzen dut. Hauen artean ni egotea eskatzen dut.
Eta bukatzeko, nitaz ere arduratzeko eskatzen diot… batzutan indartsu sentitzen naiz eta mundua irensten dut… baina gero eta gehiago jabetzen naiz nire hauskortasunaz. Horregatik eskatzen diot zainduta nagoela sumatzea. Eta Berak irribarrez esaten dit: “Beti egiten dut hori”. Eta batzutan nire pentsamendu, asmo eta adorerik ezean hain sartuta nagoela konturatzen naiz, jabetu ere ez naizela egiten besteek nola zaintzen nauten. Jainkoak nirekin dituen zaintzaz ere ez naiz jabetzen, eta “beti zaintzen zaitut. Ez zara konturatzen?” esaten didala joaten naiz. Eskerrak ematen dizkiot une bereziren bat gogoratuz, eta gauza bera egitea eskatzen dut.
5. SOLASALDIA
Jesusekin hizketan ari naiz. Otoitzaldian bizi izandakoaren laburpen gisa egiten dut. Gehien iritsi zaidana kontatzen diot, niretzat zihoana zirudiena, testu bat, hitz bat, irudi bat… Eskatu egiten diot eta eskerrak ematen.