Lk 13, 1-9

0. TESTUA
Garai hartan, batzuek Jesusengana joan eta zenbait galilearri gertatua kontatu zioten: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren abereen odolarekin beraien odola nahastuz.
Jesusek zera esan zien: “Galilear horiek gainerakoak baino bekatariago zirela uste al duzue, heriotza hori izan zutelako? Ez horixe! Eta zuek ere bihotz-berritzen ez bazarete, berdin hilko zarete denok. Eta Siloeko dorreak azpian harrapaturik hil ziren hemezortzi haiek, gainerako jerusalemdarrak baino bekatariago zirela uste al duzue? Ez horixe! Eta zuek ere bihotz-berritzen ez bazarete, denok hilko zarete.”
Gero, parabola hau kontatu zien Jesusek: “Gizon batek pikondo bat zuen bere mahastian aldatua. Joan zen piku bila eta ez zuen bat ere aurkitu. Orduan, mahastizainari hau esan zion: ‘Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela eta ez dut bat ere aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten? Baina mahastizainak zera erantzun zion: ‘Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta, bestela, moztu.’
1. TESTUAREN IRUZKINA.
Egiaz Jainkoak zigortzen duela? “Bihotz-berritzen ez bazarete, denok hilko zarete“. Amildegira doan bizitza batentzat mehatxua al da edo norabidez aldatzeko aukera? Zigorren kontua gure egiteko era da eta Jainkoa gu bezalakoa dela uste dugu. Baina Jainkoa baldintzarik gabeko maitasuna da, etengabe erabat ematen ari zaiguna. Ez saririk ondo portatzeagatik, ez zigorrik gaizki portatzeagatik: baldintzarik gabeko doakotasuna.
Norbaitek jasaten duen gaitza –paralisia, eromena…– bekatuaren ondorio al da? Adibide gisa, Jesusen erantzuna gogora ekartzen dugu, sortzez itsua zen gizon bat aurkeztu ziotenean eta horrela jaiotzeko bekatua nork –berak edo bere gurasoek– egin zuen galdetu ziotenean. Eta Jesusek: Ez berak ez bere gurasoek… baizik eta “berarengan Jainkoaren egintzak ager daitezen“. Horixe da Jesusek pertsonengan egiten duen jardueraren zentzua: osasuntsu gera daitezela, deituak izan direnerako hori berreskuratzea, gizatasuna berreskuratzea.
Baina Jainkoarekin elkarlanean aritzea garrantzitsua da: gizateria berria ez da Jainkoaren kontua bakarrik. Horretarako parabola bat kontatzen digu: mahastian landatutako pikondoa. Sinboloak: Israelentzat mahastia Aukeratutako Herria da. 3 osotasunaren sinboloa da. Zera esango baligu bezala: “Eman dizuet denbora guztia eta urte bat gehiago, baina eman ezazue fruitua, mesedez, egin posible haurridetasuna”. Eta gudu garai hauetan, izan zaitezte solidarioak kaltetuekin, eman denbora gehiago Jainkoari zuek egiten uzten, baita otoitz, baraualdi eta erremusinari ere, Hark gure barrua eraldatuz joan dadin, ea bere Semearen irudia ateratzen zaigun, gure jatorrizko moldea baita, eta justiziazko fruituak ematen ditugun.
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.
Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.
– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin ko- nektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.
– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.
Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.
3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…
OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Apostoluek hau kontatzen didate: “Israelgo herria erromatarren kontrolpean dago eta agintariak azpikeriaz ari dira atzerriko boterearekin. Eta herrian inbasoreekiko gorrotoa dago.” Orduantxe ematen diote Jesusi beste hilketa baten eta donauste edo profanazio baten berri. Entzun egiten diet: “Beren jainkoentzako sakrifizioak prestatzen zituztenean, erromatarrek judu batzuk hiltzeko agindu zuten, eta haien odola abereenarekin nahastu zuten”, pertsonak sakrifiziorako abere bihurtuz. “Oinazeak ez nazala ez hotz ez bero utzi” eskatzen dut.
Eta Jesusek arnasa hartzen duela sumatzen dut, ia malkoak ateratzen zaizkiola eta hasperen egiten duela: “Nola profana daiteke pertsona baten bizitza bera hiltzen eta bere odola, bere bizitza, abereen odolarekin nahastuz?” Eta apostoluek honela jarraitzen dute: Haientzat sakrifiziora eramandako abereak al gara? Gure herrian ez da giza-sakrifiziorik eskaintzen. Jainkoaren aingeruak ez zion gure aita Abrahami labana luzatzen utzi bere semea sakrifikatzeko, eta hauek? Hiltzaileak dira”. Jesusek entzun egiten du. Eta nik, nola daramat guzti hau?
Eta apostoluei entzuten diet: “Zer egin dute galilear horiek, zer bekatu egin dute Jainkoak horrela zigor ditzan? Orduan Jesusek, hunkituta, hitza hartzen du: “Uste al duzue galilear haiek horrela hil zirela beste galilearrak baino bekatariagoak izateagatik? Ezetz diotsuet, eta zuek Jainkoarengana itzultzen ez bazarete, hil ere egingo zarete. “Eta honela jarraitzen du: “Egoera horri aurre egiteak bizitza aldatzea dakar. Jainkoari loturik bizi ez bazarete, maitasunak, Jainkoaren Espirituak zuen bizitza bustitzen uzten ez baduzue, zuek ere hil egingo zarete, amorrua eta gorrotoa izango dituzue, ez maitasuna”. Entzun egiten dut.
4. JESUS ETA BIOK
Eta Jesusi adi jarraitzen dut: “Herri hau Jaunaren Herriaren mahastian landatutako pikondo bat bezalakoa da. 3 urte daramatza fruiturik eman gabe.” Eta niri zuzendu eta zera esaten dit: “Begira zernolako elkartasun premia datorren!” Eta nire kezka nagusiak bizia ematearekin, hilaren bukaerara iritsi ezin direnengandik gertu egotearekin, paperik gabekoekin egotearekin, larruaren koloreagatik etxe bat alokatu ezin dutenekin egotearekin, nire lanean edo inguruan bazter utzitakoekin… zerikusia duten ari naiz so egiten. Beren egoera neure egiteko denbora hartzen dut.
Eta Jesusi galdetzen diot: “Zergatik uzten du Jainkoak gauza hauek gertatzen? Zer egiten du bihotzen gaiztakeria desager dadin?” Eta Jesusek egonarriz esaten dit: “Jainkoak zerbait egiten du, bai, zu egin zaitu; zu, gure Abbarekin/Aitarekin konfiantza osoz bat egiten baduzu, Haren eskuak eta begiak eta bihotza izango zara, eta bizitzea egokitu zaizun mundu honetan Haren sormena izango zara”. Dastatu egiten dut une hau, gertaldi hau ahaztu ez dakidan.
Eta Jesusek aurrera jarraitzen du niri esaten: “Jainkoak beste aukera bat ematen dizu, eman dizkizun guztiez gain: aitzur ezazu, sar zaitez zure bizitzaren sakontasunean, ez zaitez bizi egun osoan zure mugikorrarekin surf egiten, gelditu, hartu zure denbora, begiratu norantz zoazen, zure bizitzarekin zer ari zaren egiten. Aingura iezaiozu bizitza berrionari. Pausoak eman baino lehen galdetu beti zeure buruari: Hau al da Jainkoak nigandik nahi duena? Adibidez, zabal ezazu biblia atera zaizun orrian eta irakurri ea zuretzat zerbait duen”. Lanean hasi nahi dut.
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot edo eskerrak ematen dizkiot agur keinu batez (eskuak elkartuz), esker ona (nire eskuak irekiz) edo onarpena adieraziz (gurutzearen seinaleaz), eta berriro itzultzen naiz leku honetara: oinak askatzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak ere bai… Eta bizi izandakoa idazten amaitzen dut, nire bizitzan tinkatzen lagun diezadan.