Jn 20, 19-29

0. TESTUA
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen hitz hauekin:
“Bakea zuei.”
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean. Jesusek berriro esan zien:
“Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, zuek bidaltzen zaituztet nik.”
Eta haien gainera arnasa botaz,
“Hartzazue Espiritu Santua! esan zien. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die.”
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. Elkartu zirenean, beste ikasleek “Jauna ikusi dugu” esan zioten. Eta Tomasek erantzun:
– Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen:
“Bakea zuei” esanez.
Gero, Tomasi hau esan zion:
“Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinesdun baizik.”
Tomasek –Ene Jauna eta ene Jainkoa!– eranzun zion.
Eta Jesusek: “Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak!”
1-KOKAPENA – Testuaren azalpen laburra
Ikasleak –badakigu haien artean Maria Magdalena zegoela, eta baita Jesusen ama Maria ere, eta baita gurutze ondoan egon zirenak ere, ez hamabiak bakarrik– beldurrak jota daude, beren bizitzak Jesusen arrisku berean daudelako: gurutzearen arriskuan. “Afaltokian zeuden, ateak itxita juduen beldurrez“. Bada, egoera ezin txarragoa zenean, onena gertatzen da. Gurutziltzatuaren presentzia sentitzen dute beren barruan, bizirik dagoela… Horri esaten diogu ‘agerpen’. Jesus berpiztua dator batbatean, izugarri benetakoa. Haien artean zerbait guztiz berria gertatzen da. Konturik hartzen ez duen Agerpen bat. Mezu honekin “Bakea zuei” eta zeregin batekin “Jaso ezazue Espiritu Santua, barkatzeko botere guztia duzue. Barkatzera!“. Hasiera liburuan Adani hats ematen dion Espiritu bera da, bizidun bihurtzen duena.
Tomas. Hiru gauza:
1. Norbanakoaren bizipena: nola sartzen diozu buruan argia ikusi ez duen norbaiti, argia badela? Nola sinestarazten diozu maitatua izan ez den norbaiti, maitasuna badela? Nola buruan sartu berpiztua sumatu ez duenari, berpiztua bizi dela? Bada, ongi etorria Tomasengana.
2. Tomas mesfidatia da. Horixe da bere zauria. Mesfidantza Jesusen zauriaz sendatzen da: fede-egintza: “Ene Jauna eta Ene Jainkoa“.
3. Tomas elkartetik urrundua zen. Elkartean fedea berreskuratzen du.
Zorionekoa ikusi gabe sinesten duena. Inork ez du Jainkoa ikusi, ezta Jesus berpiztuak ere, haizea ikusten ez den bezala, ezta uhin elektromagnetikoak ere, baina badira. Bada, gauza bera: berpiztutako Jesusen onda berean egonik, bere jarraitzaileek espero gabeko ausardia hartzen dute, beren berezko izaerarekin ez zihoana. Bizi-indar bat sentitzen dute, eta lehen pentsaezinak ziren erabakiak hartzen dituzte, lehen axolagabe zirauten egoeren aurrean aurpegia ematen dute, bidegabekerien aurka borrokatzen dira, beren lana, beren irudia arriskatzen dute. Barkatzeko gaitasun harrigarria ere lortzen dute. Izan ere, Berpiztuaren bizitzari loturik, beren Bizitza Haren Bizitza izaten hasten da.
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.
Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.
– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin ko- nektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.
– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.
Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.
3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…
OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Afaltokian kokatu gara, Hamabiekin eta Jesusen atzetik zihoazen emakumeekin, haien artean bere amarekin. Ondo ez dauden haien aurpegiei begiratzen diet; eten egiten den isilunea. Horrela igarotzen dut tartetxo bat porrot egin dutenen eta kikildutakoen ondoan. Galdera: nola aterako gara honetatik? Beldurrak jota, jazarriak eta fitxatuak sentitzen dira; beraiek ere desagerrariak izateko arriskua dute. Erruz beteak, Jesusi jarraitzeko hitza eman baitzuten eta egiazko orduan eskutik utzi. Denak elkarrekin daude elkar babesteko. Egoera hauetan egoten jakitea eskatzen dut. Denbora hartzen dut.
Bat-batean, denak hasten dira barne-alaitasun deskribaezina, benetakoa sentitzen. Nondik dator? Jesusekin zerikusia du, hain era indartsuan presente egingo balitz bezala, bizirik dagoela ematen du. Orduan, beren mirespen-, harridura-, sinesgogorkeria-, beldur-… aurpegiak IKUSTEN DITUT. Jesusen ahotsetik entzuten duten “Bakea zuei” hitzak ENTZUTEN ditut. Sentitzen duten bakea DASTATZEN DUT. Haur txiki batek bezala gozatzen dut topaketa honen poza. Denbora hartzen dut.
Are gehiago: elkarri kontatzen diotena entzuten jarraitzen dut: “Suspertuta sentitzen naiz, norbaitek bere bizi-indarra emango balit bezala sentitzen naiz, Jainkoak buztinezko Adanari putz egin eta izaki bizidun bihurtu zenean bezala”. Hori zioten guztiek. Txundituta jarraitzen dut. Jonek dio: “Barkatzeko Bere Indarra jasotzen ari naiz.” Eta baita Pedrok eta emakumeek ere. “Barkatzeko indar guztia eman nahi digula uste dut; bai, Berak gurutzean egin zuen bezala.” “Baita Bera hil dutenei barkatzea ere.” Eta bat-batean, ni ere Berpiztuaren Aurrean izate hori esperimentatzen hasi naiz. Ez sinestekoa. Denbora hartzen dut, bihotza bakez eta pozez beterik dudala.
4.-JESUS ETA BIOK. GAURkoan KOKATZEN NAIZ
Elkarrekin hizketan ari direnean, gainezkako bake eta alaitasun horiekin, Tomas iristen da. Harriturik geratzen da ikasleen alaitasun eta festa giroaz. “Zer gertatu da?” Eta kontatzen nola hasten diren entzuten dut: “Jesus presente egin zaigu, ulertezina, baina zalantzarik gabe. Argitu ezinik gaude, baina zoragarria izan da. Bizirik dago eta gugan nahi du bizirik jarraitu”. Eta Tomasek: “Bere esku eta saihets-zuloak ikusten ez baditut, ez dut sinesten.” Eta harrituta geratzen naiz bere itxikeriarekin.
Handik denbora gutxira, berriro Hamabiak, emakumeak eta ikasleak zeudenean, berriro hasi ziren bizitzen hasieran bizi izandakoa, eta oraingoan Tomas ere bai. Jesusek berarekin izandako elkarrizketa entzuten dugu: “Ukitu nire zauriak, eskuetakoak eta saihetsekoak.” Eta Tomasek: “Ene Jaun eta Jainko maitea, fidatzen naiz“. Bere mesfidantzak eta beldurrak desagertzen dira. Besteok Tomas sendatuta balego bezala ikusten dugu, bere mesfidantzaren zauria ukitu izan balute bezala.”Bake eta alaitasun sakonez beterik sentitzen naiz” esaten digu. Eta guk berarekin bake garai hau dastatzen dugu.
Orain Jesusi hau eskatzea ateratzen zait barnetik: “Irits zaitez ikasleak, Hamabiak eta Emakumeak bezalakoak, beldurrez, ikaraz eta moralaren hondorapenaz, edo Tomas bezala, mesfidantza eta aurreiritzi sakonez beterik daudenengana, uki itzazu bere mesfidantzazko zauriak eta beldur biziak, lapurtutako bakea berreskura dezaten eta berpiztutako zure Bizia senti dezaten, beste Bizitasun batez bizitzera bultza ditzan.” Eta orain ikusten dut nirekin ere konektatzen duela, nire bihotza ukitzen duela: “Zoaz eta egin zeuk ere gauza bera.” Eta zauriak, beldurrak, izuak… barkatzera eta sendatzera bidalia sentitzen naiz. Bakea eta bidalketa dastatzen ditut.
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, … niretzat zela ematen zuena… gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen dizkiot… agur keinu batez (eskuak elkartuz), esker ona (nire eskuak irekiz) edo onarpena adieraziz (gurutzearen seinaleaz), eta berriro itzultzen naiz leku honetara: oinak askatzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak ere bai… Eta bizi izandakoa idazten amaitzen dut, nire bizitzan tinkatzen lagun diezadan.

