Mt 10, 37-42

0. TESTUA
Aldi hartan, Jesusek hau esan zien apostoluei:
“Aita nahiz ama Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian ari denak galdu egingo du; bere bizia Nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du.
Zuek onartzen zaituztenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du. Profeta bat, profeta delako, onartzen duenak profetari zor zaion saria izango du, eta pertsona zuzen bat, zuzena delako, onartzen duenak pertsona zuzenari zor zaion saria izango du; eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, baso bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet, ez dela saririk gabe geldituko.”
1-TESTUAren AZALPENA
Mateoren elkartearen misioarekin jarraitzen dugu. Gogoan dugu kristautzat jotzeak, garai hartan, ondasun guztiak galdu, espetxeratu edo bizitza kentzean ekar zezakeela. Kristauak legez kanpoko talde bat zirelako. Egoera honi nola aurre egin ikusteko, Mateoren elkarteak Jesusen bizitzan jartzen du begirada, kristau izateak zekartzan arriskuen aurrean bere elkartearen motibazioak errotzen saiatzeko. Eta zera dakarkigu gogora, Jesus ere susmagarri gisa bizi izan zela Jonen ikasle bezala kokatu zelako, judutar agintarien profeta kritikoa izan zena eta erromatar okupazio-armadak eraila. Eta bere ondorioak ateratzen ditu.
Kristau izateak sendi-harremanak arriskuan jartzea zekarren. Sendiak klanak ziren. Eta gizarte hartan bizirik irauteko aukera sendi-klana zen. Jesusi jarraitzea Jesusen elkarteari eta bere xedeari lehentasuna ematea da, familiaren gainetik. “Aita edo ama ni baino gehiago maite duena…” Baina horrela egitea izarpean geratzea zen, parte hartzen zuen elkarte berriaren, kristau elkartearen babesarekin bakarrik. Eta Jesusek honako hau gogorarazten die: “Bere gurutzea hartzen ez duena eta jarraitzen ez nauena ezin da nire ikaslea izan“. Gurutzea zeloteek ordaindu beharreko ordaina zen (erromatarrak –okupazio-armada– kanporatzeko borrokatzen zen taldea, atxilotuak zirenean). Arriskuak zeloteen maila berekoak dira. Gainera, horixe izan zen Jesusekin egin zutena: gurutziltzatu.
Bere etxean kristau jazarriren bat hartzen zuen norbaitek legez kanpoko talde bateko norbait hartzen zuen. Debekatutako talde baten kolaboratzaile bihur zitekeen. Eta, beraz, erromatarren mendekua jasoko zuen. Hortik hitz hauek: “Zuek hartuko zaituztenak, ni hartuko nau…” eta harrera zehazten du: “Profeta bat, persona zuzen bat, nire ikaslerik txikiena hartuko duena, ez da saririk gabe geratuko“. Nolako garrantzia duen senidetasunagatik jazarritako lagunei harrera egiteak!
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.
Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.
– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin ko- nektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.
– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.
Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.
3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…
OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Testuan kokatzen naiz. Jesusen eta Hamabien taldearekin begirunez bat egiten dut. Oso kontrako egoeran daude. Jesus Hamabien motibazioak sendotzen saiatzen dela ikusten dut: “Xede honengatik, nigatik eta berrionagatik bizia galtzen baduzue, eskuratu egingo duzue“. Eta honela jarraitzen du: “Bizia denok galduko dugunez, behintzat gal dezagula gure burua eta besteak gizatiartuz.” Jesusekin eta bere xedeari hain lotua bizitzea eskatzen dut, behar dena arriskatzeko prest egon nadin.
Jesusek alde egin du une batez eta Hamabien zalantzak azaleratzen hasi dira. Haien artean hitz egiten ikusten ditut: “Nork bermatzen digu hau leku onera iritsiko dela? Eta dena gaizki amaitzen bada?” Eta Pedrok: “Nik izena ematen dut. Arrisku handia da, baina orain arte ere gauza bera izan da Jesusekin denbora guzti honetan.” Eta besteek, gorputzean sartutako arriskuaren beldurrez eta beldurrez baino konfiantza handiagoz, izena ematen dute, eta nik ere bai.
Orain Jonen txanda da, eta honela dio: “Jesusek hau predikatzen badu, bizitzen ari delako da. Bere sendiarengandik urrundu egin da eta Hamabiekin eta gurekin doazen emakume batzuekin sendi berri bat hasi du eta, horrela, gure familia berria posible egiten du, hain pertsona ezberdinak zaintzen dituena eta osatzen dugun elkartearen bidean zaurituak hartzen dituena. Nik ere berarekin joateko izena ematen dut.” Denbora hartzen dut.
4.-JESUS ETA BIOK.
Jesusek, gure beldurrak eta gure fidatzeko gogoa ezagutuz, niri esaten dit: “Zuk zer diozu? Elkarrekin al goaz?” Baietz esan nahi diot, baina amildegirako pasabide baten antzekoa da. Eta berriro Jesusek:” Gauza bakarra berma diezazuket, beti zurekin egongo naizela.” Eta fidantza horrek, benetan, baietz esanarazten dit, san Inaziori gertatu bezala: “Emaizkidazu Zure maitasuna eta grazia, honekin aski dudala.” Hala sentitzea eta bizitzea eskatzen diot.
Eta gaur egun munduan gertatzen dena kontatzen diot Jesusi: “7 kristautatik bat jazarria da. Batez ere, Asian eta Afrikan. 350 milioi kristau inguru jazarriak dira, iaz ia 5000 hil zituzten eta 3500 eliza edo jabetza baino gehiago suntsitu, “eta hau erantzuten dit: “Zure bizitza mundu pixka bat hobea uzteko erabiltzea merezi duela uste al duzu, mundu abegikorragoa, Eliza gizateria honetan kanpaina-ospitale bat bezala izatea”? Eta nik: “Nola esango dizut ezetz?” Arriskua dastatzeko denbora konfiantzan hartzen dut.
Eta Jesusek hau esaten dit: “Nolanahi ere, hau ez da gertatzen bizi zaren lurraldean. Pentsatu al duzu zer egin hainbeste kristau jazarri eta beste erlijio-talde eta etnia batzuk beren etxeak bortxaz ez kentzeko, ez beren lurrak lapurtzeko, ez behartutako lanak eginarazteko, baizik eta babesa eta onarpena izateko? ” Eta zera entzuten jarraitzen dut: “Benetan diotsut, nire ikaslea izateagatik, edaten ematen duen edonor, baso bat ur fresko besterik ez bada ere, ez dela saririk gabe geratuko“. Eta baietz esaten diot, xede zuzen horien lankide izan nahi dudala.
5.-Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, … niretzat zela ematen zuena… gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen dizkiot… agur keinu batez (eskuak elkartuz), esker ona (nire eskuak irekiz) edo onarpena adieraziz (gurutzearen seinaleaz), eta berriro itzultzen naiz leku honetara: oinak askatzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak ere bai… Eta bizi izandakoa idazten amaitzen dut, nire bizitzan tinkatzen lagun diezadan.

