Lk 6, 17.20-26
0. TESTUA (irakurri parabola osoa).
Jesus, ikasleekin menditik jaitsi ondoren, zelaigune batean gelditu zen. Ikasle asko harekin ziren, baita herriko jende talde handia ere. (…) Jesusek, ikasleei begira, honela esan zuen:
– “Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege. Zorionekoak orain gose zaretenok, Jainkoak aseko baitzaituzte. Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue. Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota (…) eta izen txarra emango dizuetenean. Alai zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan (…)”
– “Baina zoritxarrekoak zuek, aberatsok, hartua baituzue zuen poza. Zoritxarrekoak orain aserik zaudetenok, gose izango baitzarete. Zoritxarrekoak orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue. Zoritxarrekoak zeuek mundu guztiak zuetaz ondo hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasi profetei horien gurasoek.”
1. EGOERA. Testuaren azalpen laburra.
Nola sentituko gara egurats edo atmosfera horretan, Jainkoa guztia den eta bere eskuetatik gatozen giro horretan, bere eskuetan bizi garen eta hil ondoren ere bere eskuetan jarraituko dugun horretan? Nola sentitu bat egiten gaituen Jainko horri so, denekin elkartuta, sendi berekoak garela, elkarrekin maitasunezko harremanak ditugula, bihotzean eta bizitzako egoeretan leku bat egiten dugula? Nola asmatu sintonia horretan bizitzen? Zoriontasunak ikuspegi horretan daude.
Zoriontasunak Mateoren ebanjelioan: Zorionekoak (izpirituz behartsuak, Jainkoaren maitasunaren indarra beraiengan dutenak) beren burua eta beren ondasunekin baliagarri direnak, zorion hori behartsuen bizitza posible eginez gauzatuko delako. Zoriontasunak Lukasenean: Zorionekoak txiroak, negar egiten dutenak, sufritzen dutenak, Jainkoak lehentasunez Bere kontura hartzen dituelako.
Gizarte ondorioak: Bidegabekeriek (goseak, haustura pertsonalek…) baztertuen sufrimendua eta heriotza dakarte askotan. Hori ez da gauza naturala, eguzki irteera bezala, baizik eta eragindakoa. Norbait da arduraduna. Ni ote naiz nire anaiaren zaindaria? Zorionekoak zaurgarrien, abandonatuen, pobretuen eta abarren bizitza ahalbideratzen dutenak, eta ez parabolako aberatsak bezala otoruntzan ari denak, bere atean eskale bat mahaiko apurren bila dabilen bitartean.
Zoriontasuna ez datza metatzean, baliagarri izatean baizik. Gaur egun, hedonismoari eta kontsumismoari loturiko zorionaren ulerkera dago oso hedatua: Dena niretzat, oraintxe. Horregatik, garrantzitsua da nire buruari galdera batzuk egitea: Zerez betetzen dut bihotza? Nor bizi da nire bihotzean? Nire bihotza zeri dago lotuta? Zeri atxikita? Zoriona gehiago datza betetzen nauen eta husteko aukera ematen didan Maitasunetik bizitzean, lotzen nauen horretatik askatzean, premiazkoak ez diren beharrez zamatzean baino. Txiroek aberastasunari diodan atxikimendutik askatzen laguntzen didate. Bizitzeko soberan dudanaz ohartzen laguntzen didate, eta batzuetan bizitzeko behar dudanetik ere parteka dezaket (jauretxean alarguntsak egin zuen bezala).
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.
Arnasa hartzen dugu sakonki. Arnasak estutzen gaituzten pentsamenduetatik ateratzen laguntzen digu eta orainaldean zentratzen gaitu, dagoen honetan.
Lasaitu egiten gara. Zentratu eta barreiaketa ekiditen dugu. Gure kezketatik aldentzen gara… Beranduago berriro ekingo diegu…
Gure barnearekin konektatzen gara, gure barnean dugun ‘Horrekin’, gure Bizi Iturriarekin. Barne isiltasuna egiten saiatzen gara. Lehenik, isiltasuna ez da zaratarik ez egotea, egorik edo nirik ez egotea baizik. Isiltasuna egiteko onena hauxe da: “geure maitasun, gurari eta axolatik irtetea”.
Sakonki entzuteko prestatuz goaz. Hauxe eskatzen dugu, otoitzaldi hau konfiantzaz-prestutasunez eta arduraz bizi ahal izatea.
3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…
OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Galileako aintziraren ondoko eremu lau horretan kokatzen naiz, Jesus bere lagunekin oinez doala eta jende kopuru handiak laguntzen diola. Hainbeste minez, hainbeste zauriz, hainbeste gaixotasunez eta hainbeste konplexuz, bazterketaz, inor ez izateaz, inor ez sentitzeaz… Sendatu beharra dutelako egiten dute hori… Oinez noa, Jesusengandik ez urrun, isilik, eta beharrean dagoen jendetzari so nago: Hainbeste haustura, ahulezia, bizi premia nire gain hartu eta lagundu ahal izateko bihotza eskatzen dut… Nola sentitzen naiz?
Jesus belar pixka bat dagoen toki batean gelditzen da. Jendea esertzen hasten da. Kolpatuenak gehiago hurbiltzen dira Jesusengana, Bera ukitu eta sendatuak izateko irrikan. Hantxe daude apostoluak, hainbeste gizaki antolatzen ari diren leku horretan, eta ni haiekin… Jesus, pertsona hauek egiazko hitza, sinesgarria, behar dutela konturatzen da eta arretaz begiratzen die beren desiorik sakonenak irakurri nahi dituenaren antzera… Behatu egiten dut eta benetako errukia izatea eskatzen dut, beraien aldeko engaiamendu edo konpromisoa hartzera daramana…
Jesusengandik oso hurbil nago hitza hartzen duenean: “Zorionekoak zuek behartsuok, zuena baita Jainkoaren erreinua. Zorionekoak orain gose zaretenok, Jainkoak aseko baitzaituzte. Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, gero barre egingo baituzue…” Hitz hauek nigan sartzen uzten dut… Eta Jesusek hori, Abbá Jainkoaren Espirituaz beteta dagoelako esan dezakeela konturatzen naiz. Jesus haiekin dago, Jainkoa beren bizitzetan errealitate bat izan dadin: Jan ahal izatea, barre egin ahal izatea, Jainkoaren maitasuna oztopoetan bizi ahal izatea… Haiekin konektatuta sentitzeko denbora hartzen dut…
4. JESUS ETA BIOK.
Jesusek, Jainkoaren maitasunaz, jendearen begietara so egiten jarraitzen du, eta begirada horrexekin iristen da niregana, eta hauxe esaten digu, esaten dit: “Zorionekoak zuek jendeak gorrotoa dizuenean, kanpora bidaltzen zaituztenean, iraintzen zaituztenean eta zuen izena, gizakiaren Semearengatik, gauza txartzat gaitzesten dutenean, haien arbasoek ere tratu txarrak eman baitzizkieten profetei. Jainko-Abba-Aita zuekin dago.”… Nola sentitzen naiz?… Zorionekoak horrela?… Txikiak eta ni abandonatzen ez gaituen Jainko horrekin identifikatuta sentitu nahi dut ene burua, eta are gutxiago zailtasunak ditugunean… Zer eskatzen dut? Nola sentitzen naiz? Bere hitzak neureganatzeko denbora hartzen dut.
Berari entzuten jarraitzen dut: “Ai zuek, aberatsok, jatekorik ere ez dutenekiko sentiberatasunik ez duzuen aberatsok! Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, sufritzen ari direnez ohartu ere egiten ez zaretenok!” Eta Berarengana gehiago hurbiltzen naiz eta ni ez nagoela horrela bizi direnengandik hain hurbil esaten diot… Eta begiak irekitzera adoretzen nau, egoera horiek bizi diren tokietara hurbiltzera eta bihotz sentikorraz bizitzera, pertsonek bizi dutena atzematen duen bihotzaz: Pozaldiak, sufrimenduak, zentzurik eza… Eta hau guztia neureganatzeko denbora hartzen dut.
Gauzak kontatzen jarraitzen dut: “Nik bizitzeko behar dudana baino gehiago daukat”. Eta zera galdetzen dit: “Zuk, zenbat ematen duzu? Eta zenbatekin gelditzen zara? Txirotuek, aberastasunari diozun atxikimenduaz libratzen laguntzen dizute, beren egoerak konpartitzeak –inork nahi ez dituen lanak, etxebizitzen alokairuak, argiaren ordainagiriak, gorabeheren aurrean segurtasunik ezak…- zuk bizitzeko soberan daukazunaz eta beste batzuek behar dutenaz ohartzen laguntzen dizu.”… Eta bertan egoten jakitea eskatzen diot eta baita hau ere: “Zure sentiberatasuna izan nahi dut, beharrean daudenak anai-arreba bezala sentitzeko, nire familia bezala, nire izatearen eta nire ondasunen baliagarri izan nadin… Denbora behar dut.
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jaso egiten dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot edo eskerrak ematen dizkiot. Eta horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
Amen.