Zeinuak

Online

Mt 11, 2-11

 

0. TESTUA (osorik irakurri)

Joan Bataiatzaileak Mesiasen egintzen berri izan zuen kartzelan eta bere ikasle batzuk bidali zizkion zera galdetzera:

– “Zu al zara ‘Etortzekoa’ ala besteren baten zain egon behar dugu?”

Jesusek honela erantzun zien:

– “Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena: Itsuek ikusi egiten dute eta herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berriona ematen zaie. Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!”

Haiek alde egitean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari:

– Zer ikustera irten zineten basamortura? (…) Profetaren bat? Bai, noski, eta profeta baino handiagoa. (…) Benetan diotsuet: Ez da amaren semerik sortu Joan Bataiatzailea baina handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere hura baino handiago da.” (…)

1. TESTUAREN IRUZKINA                                                 

Pasarte honen testuinguru historikoa hauxe da: Juduek zailtasun handia zuten Jesus Mesias bezala onartzeko, haren bizitza ez zitzaiolako batere egokitu espero zutenari. Ez dator boterez eta indarrez,baizik eta otzantasunez edo indarkeria eraginkorrik gabe, ez etsaia suntsitzera barkatzera baizik, ez epaitzera zerbitzatzera baizik… Horregatik “zoriontsua nitaz eskandalizatzen ez dena”.

Jesusen bizitza azaltzeko, Mateok Itun Zaharrera jotzen du. Jesusek, Isaiasek Mesiasen garaietan gertatu beharrekoa esaten zuena egiten du: “Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena: Itsuek ikusi egiten dute eta herrenak badabiltza,legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berriona ematen zaie. Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!Bitxia da, zeinu mesianikoen artean, erlijio-ikurrik (kultu-, otoitz-, sakrifizio-jarduerarik…) ez egotea. Erreinuaren etorrerak bizi-baldintza duinak sortzen ditu garaiko kulturan “lekurik gabekoentzat”.

Testua honela amaitzen da: “Eta behartsuei Berri Ona ematen zaie.” Hau da, Jainkoaren maitasunaren hurbiltasuna txiroei iristen zaie. Nondik egiten da adierazpen hori? Espiritu-dimentsiotik, non hurkoarenganako maitasun lagunkoiak gizakien premiarik larrienei (janari, etxebizitza, lan eta abarri) erantzutera eramaten duen, baina haien duintasuna errespetatzen duen eta gizaki gisa Osotasunaren nahia pizten duen molde edo tankerarekin, ez soilik haien beharrak baretzen dituenarekin.

Baina, hala ere, garrantzitsua ez da txiroa bere gabezietatik askatzea, neure burua nire bihotz-gogorkeriatik askatzea baizik. Hau da, sufritzen ari denaren lekuan jartzeko gai banaiz, nire bihotza errukia (besteekin sufritzea) irabaziz badoa, pertsona hori ni bezain pertsona duintzat hartzen badut, miseriaren zurrunbilotik irtetea eragozten diona aldatzeko konpromisoa hartzen badut, pertsona horrek nire gizatasun ezkutua ateratzen lagundu dit. Elkarrekin irteten gara, bata gabeziatik eta bestea axolagabekeriatik.

2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU

Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.

Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (ito-tzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin konektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.

Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure buruarekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.

Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.

3. IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ -ESZENAra itzultzen naiz. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…

OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.

Joanen ikasleak Jesusengana iristen dira. Beraiekin kokatzen naiz sufritzen, Joan, erromatar segurtasun goreneko espetxean, Makeronten preso dagoelako, egia defendatzeagatik, eta kezkatuta ere badago, Jainkoaren berehalako epaiketaren mezua -Jainkoa fruiturik ematen ez duen zuhaitza moztera dator– ez dirudi Jesusenarekin bat datorrenik… Joanen harriduran jartzen naiz, biak baitira Jainkoaren gizonak… Denbora hartzen dut…

Eta Jesusi entzuten diot Joanen ikasleei Isaiasen testua ozen irakurtzen: “Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena: Itsuek ikusi egiten dute eta herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berriona ematen zaie. Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!“… Garai mesianikoak adierazten dituen testua da, eta Isaiasek aipatzen duena Jesusek burutu egiten du. “Esaiozue Joani!”… Eta gozatu egiten dut Jesusek gauzak argitzeko dituen eraz…

Jesusekin eta Joanen ikasleekin jarraitzen dut: “Joan eta biok bat gatoz Jainkoak guztiei ematen dien aukeraz”… Eta gozatu egiten dut, gizarte hartan kontuan hartzen ez zuten hainbatentzat bizia izango den aukera horrekin. Jesusek jarraitzen du:“Orain denek dakite Jainkoak azkenak eta galduak ere gogoan dituela eta herrian ere kontuan hartuak izan behar direla”. Bere hitzekin gozatzen dut eta errepikatu egiten ditut gogoan izateko.

4.- JESUS ETA BIOK

Jesusekin hitz egiten dut Berari lotuago bizi izan ditudan uneei buruz, “otoitza, pertsonen arreta, gaixoak edo presoak bisitatzea, kausa zuzenengatik borrokatzea… Bizi izan nituen garaiak izan ziren eta honek nire baitara ekarri zuen bizia eta garai horretan bizi izan nuen poza… eta Jesusek esaten dit: “Abendualdi honetaz baliatu zaitez zure denbora galdua berreskuratzeko!”… Pentsatzen hasi naiz…

Eta ni bizkortzen jarraitzen du Jesusek: “Egizu posible Erreinuaren etorrera. Badakizu nola: Itsuek ikusi egiten dute, gorrek entzuten… eta txiroei berri ona iragartzen zaie… Jaitsi zaitez hauek dauden gizarte-mailaraino, hurbil egon beraiengandik…” Nola sentitzen naiz Berari entzutean?… Eta hauxe esaten diot: “Nire burua zure asmoekin lerrokatu nahi dut, bizia den zure bizitzarekin”… Denbora hartzen dut…

Eta Jesusek: “Egizu otoitz kontzientzia-gaiak direla eta kartzelan dauden Joanen hainbeste antzekorengatik: Arrazoi erlijiosorengatik espetxeratuak edo planetaren bizitza defendatzen duten ekintzaileak, giza eskubideak edo gutxiengoen edo emakumeen eskubideak defendatzen dituztenak… denontzako mundu bat egiteagatik eta ez baztertzen eta hiltzen dituzten talderen interesen neurriko mundua.” Eta bihotzez eskatzen diot…

5.-Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean

Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen…begirune-keinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpen-keinuaz (gurutzearen zeinua)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen

 

keyboard_arrow_up