Bihozberritzea

Online

Mt 3, 1-12

0. TESTUA (osorik irakurri)

Garai hartan agertu zen Joan Bataiatzailea Judeako basamortuan honela hots eginez:

– “Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza.” (…)

Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian. Fariseu eta saduzear askori, bataiatzera zetozela ikustean, honela esan zien Joanek:

– “Sugekumeok! Nork esan dizue gainean duzuen haserre-zigorrari ihes egingo diozuela? Ager ezazuen zuen jokabideaz bihozberrituak zaudetela (…) Nik urez bataiatzen zaituztet bihozberri zaitezten, baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuagoa da, eta ni ez naiz inor hari oinetakoak eranzteko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. (…)”

1. TESTUAREN IRUZKINA                                                 

Israelen profeziarik gabe 250 urte igaro ondoren, profetatzat hartua den norbait agertzen da: Joan Bataiatzailea. Haren tankera, benetakotasuna, austeritatea, hitza… eta salbuespenik gabeko guztiontzat bihozberritzeko mezua, herri batean non bizitzeko aukerak gutxiengo batentzat baino ez dauden, astinaldi humanizatzailea da. Izan ere, gizaki asko, gaixotasunagatik, egoeragatik, lanbideagatik, une hartako “erlijio-giroagatik” kondenatuta zeuden.

Baina Joanen BIHOZBERRITZEA GUZTIONTZAT da. Jainkoaren aukera guztiontzat da. Bihozberritzea bizitzaren norabide aldaketa bat da, gizaki orok bere baitan gordetzen duen Bizigordelekutik abiatuta. Eta gizaki egiten duena, gizaki Betea, garatu egiten du. Bihozberritzea ez da uko egitea, Ontasunaren aldeko, egiaren aldeko hautua baizik. Profetak, Jainkoaz duen esperientziatik, zerbait berria proposatzen du, existitzen dena baino gizatiarragoa eta gizarte hark, erlijiosoa omen zenak, bizi ez zuela deskubritzen duena. Profetak, horregatik, haratago ikusten du.

Joanen bihozberritzerako deia basamortuan da, Jordan ondoan, Israelgo Herria basamortuan zehar egindako bidaiatik agindutako lurraldera sartu zen lekuan. Beraz, bataioa Tenpluaren ordezko azalpena da. Gizartea Tenpluko gelen arabera antolatzen zuen erlijio baten aurrean apurtzailea da. Eta, gainera, bereizi egiten zituen gizakiak: batzuei ez zieten sartzen uzten, garbiak eta zikinak bereizten zituzten, atzerritarrak eta juduak, gizonak eta emakumeak, botere taldeak eta biztanleria  herrikoia… Baina Joanek guztiei bihozberritzeko aukera ematen die.

2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU

Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.

Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (ito-tzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin konektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.

Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure buruarekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.

Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.

3. IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ -ESZENAra itzultzen naiz. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…

OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.

Joan Bataiatzailearekin Judeako basamortuan kokatzen naiz, Jordan ondoan, bertan banengo bezala… So egiten dut, Isaiasek aipatu zuen profeta Joanengan ezagutzen duen jende asko iristen ari dela ikusten dut: “Ahots batek oihu egiten du basamortuan: Prestatu bidea Jaunari!” Bere soineko zorrotzak ikusten ditut, basamortuko janari urria… Dastatu egiten dut ikusmin handiko unea, dena alda daitekeenean.

Haren aldarrikapena entzuten dut: “Jainkoarengana bihozberri zaitezte, zeruetako erreinua hurbil dago eta!”… Jainkoarena iristear dago… jendeak nola hartzen duen, nolako arretaz… Joanen hitzak garbiak dira, argiak… Berdindu egiten duen mezua da, guztiak herrikoak egiten dituena… Aukera bat da guztientzat: mendetan lehen aldiz norbait guztientzako aukeraz mintzatzen zen… Zoriontsuak ikusten ditut pertsonak jasotako aukeragatik, gizon eta emakumeak, boteretsu eta xumeak berdintzen dituen aukeragatik… Dei bakarra da denontzat… Horrek dakarren pozaz gozatzen dut…

Joanekin Jordan aldean kokatzen naiz, herria agindutako lurraldera sartu zen lekuan. Sarrera berria da, oraingo honetan bakoitzarena, hasiera berriaren ikurra… Jendeak zer egiten duen begiratzen dut: “Bere bekatuak aitortzen ditu”… Bere bizitza berrirako gogoak topatzen ditut eta berdintasunera irekitzen den bizitza bateko hastapen erritu horretan nago: bataioan. Joani entzuten diot: “Jaio zaitez bizitza berrira, baliatu zaitez Jainkoaren aukeraz… Jainkoak kontuan hartuko zaitu herri berri bat egiteko.” Eta bataiora gerturatzen diren pertsonen bizitzeko gogo handiez gozatzen dut. Denbora hartzen dut.

4.- JESUS ETA BIOK

Oso ohikoa ez den ikuskizun bati begira nago: fariseuak eta saduzearrak bataiatzera iristen dira… Eta Joan gogorra da beraiekin, benetako bihozberritzea bizi dezaten. “Sugegorrien arraza!… Erakutsi ekintzekin Jainkoarengana itzuli zaretela! Ez ezazue ilusiorik egin zuen buruari hau esanez: ‘Gu Abrahamen ondorengoak gara…’” Eta ohartzen naiz horretarako izena ematen duena sakonean hunkituta geratzen dela… Ez da betebeharreko itxura. Joanen proposamenaz gozatzen dut…

Bataiatuen ilaran bilatzen dut nire lekua… Hurbilduz noa. Arnasten den beste bizitza baten desira giroa usaintzen dut… Joan nire bila dabil bere soarekin… Begirada sendoa da, konbentzitua, beste gizarte baten eta beste pertsona batzuen desiraz betea… Itxaropena helarazten du bere begiradaz eta, bataiatu aurretik, nirekin hitz egiten du: “Zeintzuk dira zure itxaropenak?… Eta zure aldaketa gogoa?… Hau benetan doa ala askok egiten dutelako egingo duzu?”… Eta koherentea izatea opa dit… Bere hitzaz gozatzeko denbora hartzen dut… Zer sentitzen dut? Ilusioa, beldurra…  nahasmena, itxaropena…

Eta nire bekatuak azaldu eta aitortu egiten dizkiot: “Neurera noa, besteen bizitzarekiko kezkarik gabe, niri ondo doakidan bitartean… Bizirautearekin, ongizatea bilatzearekin, niretarren segurtasunarekin konformatzen den erdipurdiko bizitza; ez borondatezko lanetan ezta askorentzako gauza onetan sartu gabe ere. Nahikoa dut neurearekin!”… Desirapean jartzen dut nire burua, hazkuntza bizi-erritmorik gabe eta Jainkoaren Hitzari kasurik egin gabe… eta Joanek bataiatzen nauela, ni uretan sarraraziz eta uretatik ateraraziz: “Has ezazu bizitza berria!”… Eta horrela esperimentatzen dut eta nire buruari proposatzen… Grazia, doakotasun une hau dastatzen dut…

5.-Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.

Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen…begirune-keinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpen-keinuaz (gurutzearen zeinua)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen

 

keyboard_arrow_up