Mt 1, 18-24
0. TESTUA (osorik irakurri)
Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitz emana zegoen; eta elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zen; ez zuen hura salatu nahi eta isilean uztea erabaki zuen. (…)
Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta honela esan zion:
– Jose (…) ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuarengandik baitator. Semea izango du eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik. ”Hau guztia Jaunak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen: Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du eta Emanuel jarriko dio izena” (Emanuel izenak ‘Jainkoa gurekin’ esan nahi du). Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin zuen Josek eta Maria emaztetzat hartu zuen. Eta ez zuten ezkon-harremanik izan, Mariak semea izan zuen arte, eta Josek Jesus izena ipini zion.
1. TESTUAREN IRUZKINA
Haurtzaroko kontakizunak ez dira historikoak, ez baitira gertakarien kronika, baizik eta lehen elkartearen katekesia, oinarri historikoarekin, baina, batez ere, mezu batekin: “Jesus osorik jaiotzen da Jainkoarengandik.” Lukasenean mezua Mariari zuzendua da: deikundea; Mateorenean Joseri egiten zaio deikundea. Zera ekartzen dugu gogora, haurtzaroko kontakizunak ebanjelioetan idatzi ziren azkena izan zela, Mateoren eta Lukasen sintesi teologiko handiak jasotzen dituena.
TESTUINGURUA: Aita baten esku-hartzerik gabeko jaiotzaren gaia sarritan aurkitzen da kontakizun helenistikoetan (40 testutan baino gehiagotan): erregeak, heroiak, jakintsuak… Pertsona hauen bizitzak gizaki batengandik espero daitekeena gainditu zuen. Beraz, jainkozkoak izan behar dute. Pertsona ospetsuei buruz Jainkoaren seme-alabak bete-betean direla esan badaiteke, giza esku-hartzerik gabe, Jesusi buruz askoz gehiago.
Eta nola planteatzen da birjintasuna? Hemen birjintasun ez biologikoaz hitz egiten da, teologikoaz edo espiritualaz baizik. (Izan ere, hebreerazko “arima” hitzak neskato, ezkongabea esan nahi du eta, ez hainbeste, birjina). Eta espiritu birjintasuna prestutasun osoa parekoaz itzultzen da: “Hona hemen Jaunaren esklaboa. Egin bedi nigan zure hitzaren arabera.” Hau da, jainkotasuna berarengan erabat bizitzeko ontzi egin dena, berea ahaztuz –“Egin bedi zure nahia!”–, pertsona hori espiritualki birjina da.
“Maria Joserekin ezkontzeko hitz emana zegoen.” Garai hartako ezkontzak bi atal zituen: ituna eta ezkontza. Garrantzitsuena ituna (ezkon-hitzak) zen. Beraz, Jose eta Maria legez ezkonduta zeuden. Ezkontza senargaiaren etxean emaztegaia hartzea da.
Orduan zergatik bi aldiz azpimarratu “elkarrekin bizi gabe”? Jaioko den semea osorik Jainkoarena dela nabarmendu nahi duelako. Eta aitatzat Jainkoa bakarrik izango du. Aitaren/amaren ulerkera holakoxea zen: ama, aitak hazia uzten duen ontzia baino ez da. Bizi osoa aitak ipintzen du.
Baina, bestalde, seme bat ez zen batez ere biologiagatik, aita horrengandik jaio izateagatik, baizik eta aitak egiten zuena egiteko gaitasunagatik. Horrela ulertzen dugu Jesusek esaten duenean: “Neuk egiten dut nire Aitak egiten ikusten dudana.” Jainkoaren esku-hartzea, Izaki Espiritual gisa, Jesus haurraren sorreran, ez da esku hartze biologiko bat, espirituala baizik, haur hori hasiera-hasieratik osoa Jainkoarena izan dadin, hau da, “Espiritu Santuaz betea.”
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU
Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.
Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (ito-tzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin konektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.
Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure buruarekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.
Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.
3. IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ -ESZENAra itzultzen naiz. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…
OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Joseren ondoan kokatzen naiz, bere misioan eta bere zalantzetan, bertan banengo bezala. Josek, Itun Zaharreko eredua denak, gizon zuzenak (Jainkoarekiko harremanetan zalea eta pertsonekiko harremanetan zintzoak), dilema bati egin behar dio aurre: semea bere irudira egitea edo, bere egintza izan aurretik, Jainkoaren egintza dela onartzea… eta Jainkoak bere semearentzat dituen bideak entzutea. Joseren prestutasuna eta desjabetzea dastatzen ditut…
Joseren ondoan noa zeraz ohartzen denean, elkarrekin bizitzen hasi aurretik ere, berak eta Mariak elkar ezagutu aurretik, Jainkoaren indarra haur horrengan, Jesusengan, dagoela “Jainkoaren Izpirituak uren gainazalean hegaz egiten zuen bezala” (Hasiera 1,2) kreazioaren aurretik… Nola sentitzen naiz?… Poza hartzen dut aurkikuntza horretaz eta neure egiten dut…
Josek ez ditu denak aldean, eta kezkatuta doa lo egitera. Eta hurrengo goizean berriro elkartu gara eta, nire harridurarako, bere ametsetako kontu berriak esaten hasi zait. Amestutakoa kontatzen dit: “Ez izan eragozpenik Maria zure emaztea hartzeko. Harengan dagoena Jainkoak egina da.” Eta askoz lasaiago ikusten dut, pozik. Eta ni, nola sentitzen naiz?… Jose Jainkoarena entzuten, ulertzen eta onartzen ikasten ari da… Denbora hartzen dut…
4. JESUS ETA BIOK
Konfiantzazko giroa arnasten dugu biok, bake sakoneko une batean, eta Josek niri kontatzen jarraitzen du: Niri zuzendua entzun nuen: “Mariak semea izango du eta Jesus jarriko diozu izena.” Zera datorkit gogora, izena jartzea bere bizitzan izango duen eginkizuna izendatzea dela: “Berak salbatuko du bere herria bekatuetatik,” herria askatuko du bere bidegabekeria eta zapalkuntza guztietatik… Eta ikusten dut Josek uko egiten diela Jesusentzat zituen ametsei eta Jainkoarenak bere egiten dituela… Nola sentitzen naiz?…
Eta Jose zoriontsu ikusten dut aurkitu duenagatik eta Maria emaztetzat hartzen duela ikusten dut. Beragandik ikasiko du bere burua Jainkoaren ezustekoari irekitzen, iraganeko jakindurietan ainguraturik ez egoten, Jainkoaren oraingo mezuetan baizik. Hau esaten dit: “Orain ulertzen dut zer den iraganaren errepikapenean geratzea eta zer den etengabe harritzen gaituen Jainkoaren berritasuna entzutea.” Egoera nireganatzeko denbora hartzen dut…
Joseri neurea ere kontatzen diot: “Zenbat amets dauzkadan neure buruarentzat eta beste batzuenentzat, nire sendiarentzat, nire elkartearentzat, nire proiektuentzat, neurea –nire seme-alabak—funtsezkotzat hartzen dudanarentzat, eta zer gutxitan galdetu diodan Jainkoari: Eta Zuk zer nahi duzu haientzat?” Josek so egiten dit eta hau esaten: “Entzuten baduzu, Jainkoak jakinaraziko dizu zuretzat zer nahi duen. Ametsen bidez ere komunikatzen da.” Nola sentitzen naiz?… Zer nahi dut?… Zer eskertzen dut?…
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean
Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen…begirune-keinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpen-keinuaz (gurutzearen zeinua)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen