Jn 20, 19-23
0. TESTUA
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen “Bakea zuei” esanez.
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean. Jesusek berriro esan zien:
“Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet.”
Eta haien gainera arnasa botaz, hau esan zien:
“Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die.”
1. EGOERA. Testuaren azalpen laburra.
Mendekoste, Jesusen garaian, judu-jai bat zen, Sinaiko ituna gogorarazten zuena eta Pazkoa baino 50 egun beranduago ospatzen zena. Kristauentzat, Mendekoste Kristoren jarraitzaileen elkarte berriaren jaiotzaren ospakizuna da. Hori da Apostoluen Eginak liburuak kontatzen duena. Isilpetik argitara ateratzeko 50 prestakuntza-egun dira; 50 egun horiek Berpiztuak erabiliko ditu bere lekukoak hezteko. Hauek, Mendekoste egunean, jendaurreko plazara irtengo dira Jesusena kontatzera.
Ona da zera jakitea, lehen kristauentzat berpizkundea, gorespena, igokundea, mendekostea errealitate bera zirela. Gaur Mendekosteak Joanen ebanjelioan duen bertsioaz ohartuko gara. Dena apostolu guztiei eginiko agerpen bakarrean gertatzen da. “Afaltokian zeuden ateak itxita, judu agintarien beldurrez“. Egoera ezin txarragoa zelarik, onena gertatzen da. Eraildakoaren agerpen bizia sentitzen dute. Horri ikuskari deitzen diogu. Jesus harrigarriro iristen da, bat-batean, izugarri erreala eta sinestezinezko egia. Euren tartean zerbait guztiz berria gertatzen da, inoiz gertatu ez zena: Jesusek bizirik jarraitzen du, oso era berezian eta Bizirik sentitzen dute, beraiengan bizi dela.
Jesus agerpen barkatzaile gisa azaltzen da, konturik ez daraman agerpena. Eta, hala ere, honela aurkez zitekeen: “Hara zuekin, heriotzaraino nirekin etortzekoak zinetenok!” Baina ez, “Bakea zuei” esanez agertzen da eta “Bakea zuei” berresan egin behar du, poztasunagatik ez baitute sinesten. Gainera, zeregin bakarra ematen die: “Hartzazue Espiritu Santua, barkatzen dizkiezuenei… barkatuak… barkatzera“. Testu hau Dabid erregeak bere jauregiko etxezainari bere ondasunen gaineko ahalmen osoa eman zion testutik hartua da. Orain, Jesusek, formula bera erabiliz, barkatzeko ahalmen osoa ematen die ikasleei.
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.
Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.
– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin ko- nektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.
– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.
Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.
3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…
OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Afaltokira azalduz hasten dut otoitzaldi hau, Hamaiken artean eta Jesusen atzetik zihoazen emakumeekin, horien artean bere amarekin. Haien aurpegiei so egiten diet, aldatuak daude; ebaki egiten den isilunea. Horrela igarotzen dut alditxo bat, porrot egin zutenen eta kikilduen ondoan, Jesusi jarraitzeko hitza eman eta bertan behera uzteagatik erruz beterik. Denak elkarrekin daude elkar babesteko. Denbora hartzen dut jazarriei eta erruduntzat jotakoei laguntzeko, eta ni haiek bezalakoa.
Egoera honetan inoiz ez gertatua gertatzen da: barnean sentitzen dute Jesus hurbiltzen zaiela, hitz egiten diela… eta nik ere haiek bezala sumatzen dut. Bizirik aurkitzen dute beren Bizitzetan, eta nik neurean. Poz esanezina sentitzen dugu: IKUSI EGITEN DUT, Hamabien mirespen, nahasmen, sinesgabetasun eta beldur aurpegiei begiratzen diet; Jesusen hitza “Bakea zuei” ENTZUTEN DUT. Giroa errotik aldatzen da. Ametsetan al gaude? Pozagatik ez dute sinesten. DASTATU EGITEN dut haiekin bizitzen ari naizen une kontsolagarria eta zinez eskertzen dut. Denbora hartzen dut.
Eta Jesusi entzuten jarraitzen dut, zertzeladarik galdu gabe. Bere hatsa gure gainera nola botatzen duen ikusten dut eta hauxe diosku: “Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet. Hartzazue Espiritu Santua! Bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuta geratzen zaizkie; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die.” Apostoluengan poz izugarria aurkitzen dut, berpiztuarengandik jasotzen dugun barkamen-zereginagatik. Mendekua behin betiko garaitua izan da: Jesusek barkatu egiten du mendeku hartu beharrean, eta izugarrizko poza sentitzen dut. Jesusek barkatzeko duen gaitasun hori bizi ahal izatea eskatzen dut.
4. JESUS ETA BIOK
SENDATUA SENTITZEN NAIZ, BARKATUA, ETA NEURE BURUARI BARKATZEN DIOT.
Afaltokiko giro honetan kokaturik, Jesus eta bere ikasleekin, berpiztutako Bizia nola bizi den nigan sentitzen dut, nabaritzen dut, nire barne-barneko kontuekin eta Jesusekin konektatzen ari naizela konturatzen naiz. Bera neuri zuzentzen zait eta zera esaten dit: “Aitak ni bidali nauen bezala, nik zu bidaltzen zaitut. Hartzazu Espiritu Santua. Zu barkatua, sendatua izan zaren bezala, egizu zeuk ere gauza bera: zoaz barkatzera, sendatzera.” Eskertu egiten dut misio eder hau, merezigabeko opari hau.
Neuk ere hauxe kontatzen diot: “Kalte egin didanari, nire erasotzaileei barkatu nahi nieke, Zuk barkatzen duzun bezala.” Egin didaten kalteren bat kontatzen diot, nigan izan duen eragina, nire bizitzan izan dituen ondorioak, eta Jesusen hitzak “Bakea zuei, bakea zuri” gogoratzen ditut eta bihotzez nahi dut kalte egin didan pertsona horri bakea ematera hurbildu. Pertsona horri beste era batera begiratzeko duen kemena neurea ere izatea eskatzen diot.” Denbora hartzen dut.
Jesus biktima izan zen bezala, hainbat biktimarengana ere hurbiltzen naiz, hau esatera: “Jainkoa zuek sendatzeko, zuek indartsu egiteko ari da lanean, zuen indarra mendekua izan ez dadin, baizik eta zuen benetako indarra, Jesusena bezala, barkamena izan dadin. Horrek gizatiartu egingo zaituzte, baita zuen kaltegileak ere.” Beren kalteetatik sendatu beharra duten pertsona jakin batzuk gogora ekartzen ditut, eta denbora hartzen dut.
Eta Jesusi honako hau esaten jarraitzen dut: “Zera nahi dut, egin duten gaizkiagatik erruduntzat jotako hainbeste pertsonak topa eta senti dezaten beraientzat ere barkamena dagoela: “Bakea zuei.” Batzuk ezagutzen ditut, haiengana hurbildu eta “Zuretzat ere barkamena dago, zuretzat ere sendabidea dago” esaten diet. Denbora hartzen dut.
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen… begirunekeinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpenkeinuaz (gurutzearen zeinuaz)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen, begiak zabaltzen… Eta bizi izandakoa idazten amaitzen dut, nire bizitzari finkatzen lagundu diezadan.