Lk 9, 28b-36
0. TESTUA (irakurri parabola osoa).
Elkarrizketa hartatik zortzi bat egunetara, Pedro, Joan eta Santiago berarekin hartu eta mendira igo zen Jesus. Eta, otoitzean ari zela, aurpegiaren itxura aldatu egin zitzaion eta jantziak zuri distiratsu bihurtu. Hartan bi gizon azaldu ziren, aintzaz distiratsu: Moises eta Elias Jesusekin hizketan (…).
Pedro eta lagunak logaleak jota zeuden; baina esnatu ziren (…). Eta Pedrok zera esan zion Jesusi:
– “Maisu, bai ederki gaudela hemen! Egin ditzagun hiru txabola (zuentzat)…”
Ez zekien zer esaten zuen ere. Eta hau esaten ari zela, hodei bat sortu zen eta (…) hodeitik ahots bat entzun zen:
– “Hauxe dut neure Semea, nik aukeratua. Entzun berari!”
Ahotsa isiltzean, Jesus bakarrik zegoen. Ikasleak isilik egon ziren eta egun haietan ez zioten inori esan ikusitakorik ezer.
1. EGOERA. Testuaren azalpen laburra.
Testu honetan sinbolo asko agertzen dira: Sinai gogorarazten duen mendia, hodeia Jainkoaren presentzia gisa, Moises (berarekin hasi zen erlijio judua), Elias (K.a. IX. mendekoa, judu-erlijioa salbatzen duena da, Kanaango erlijioen aurrean lur joko duela dirudienean) eta Jesus, zeinaren aurpegi distiratsuak berpiztua gogorarazten baitu. Agerraldia bataioaren oso antzekoa da, ia hitz berberak. Aldaketa: “Entzun iezaiozue!” Zergatia ikusten edo aztertzen dugu.
Jesus Jerusalengo igoera hastera doan unean kokatzen da kontakizuna eta horrekin batera Jesusen nekaldia. Jesusek horretaz hitz egin die Hamabiei. Beraz, porrot egiten duen misio testuingurua da, gaizki amaitzen dena. Pedro, Santiago eta Joan apostoluekin gertatzen den esperientzia da, sinets dezaten. Hau da, Jesusi jarraitzea, porrot egiten badu ere, Jainkoaren kontua dela sinets dezaten; hortik “Entzun iezaiozue!” Gogora ezazue: Baikorra, gauzak ondo aterako direla uste duena da. Itxaropentsuak, gauzak ondo edo gaizki atera, zentzua dutela uste du.
“Jesus otoitz egiten ari zenean” gertatzen da hau. Lukasen ebanjelioan ohikoa da Jesus otoitzean ikustea. Eta are gehiago erabaki garrantzitsuak hartzen dituenean. Jesusek bere Jainko Abba/Aitatxori entzuten jartzeko era da, konfiantza osoko Norbait horri, eta, Harentzat, Berarekin eta bere gogoekin konektatzeko modua da. Porrotaren erdian Jainkoaren salbazioa gauzatzen dela gogorarazten die. Lagun batek esaten zidan bezala: Porrotaz porrot azken garaipenera arte.
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.
Arnasa hartzen dugu sakonki. Arnasak estutzen gaituzten pentsamenduetatik ateratzen laguntzen digu eta orainaldean zentratzen gaitu, dagoen honetan.
Lasaitu egiten gara. Zentratu eta barreiaketa ekiditen dugu. Gure kezketatik aldentzen gara… Beranduago berriro ekingo diegu…
Gure barnearekin konektatzen gara, gure barnean dugun ‘Horrekin’, gure Bizi Iturriarekin. Barne isiltasuna egiten saiatzen gara. Lehenik, isiltasuna ez da zaratarik ez egotea, egorik edo nirik ez egotea baizik. Isiltasuna egiteko onena hauxe da: “geure maitasun, gurari eta axolatik irtetea”.
Sakonki entzuteko prestatuz goaz. Hauxe eskatzen dugu, otoitzaldi hau konfiantzaz-prestutasunez eta arduraz bizi ahal izatea.
3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…
OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Otoitza, kontenplazioa hasi dut, bertan banengo bezala, mendi garai batean, Tabor mendian, lautada txiki batean, gailurraren ondoan. Lasai-lasai esertzen dira, bideaz neka-neka eginda, Jesus, Pedro, Santiago eta Joan… Eta nik, errespetu osoz, lekua hartzen dut haien artean… Eta Jesus otoitz egiteko jaiki eta urrats batzuk aurrera egiten du… Hiru apostoluek bizitza Hark bezala otoitzean bizitzea eskatzen diote, bere otoitzetik sortzen baita ontasuna eta egia kutsatzen dituen bizitza hori… Berarekin joateko gonbidatzen ditu, eta ni haien ondoan jartzen naiz gurari berarekin… Eta eskertu egiten dut hurkotasun edo intimitate une hori…
Bat-batean hunkitzen dituen zerbait gertatzen da, hodei batean bilduta bezala, agerpen baketzailean sartuta sentiarazten dituen zerbait… Benetako amets bat bezalakoa da: Jesus, Moises (Legea) eta Eliasekin (profetekin) batera, garai hartako judu baten betetasuna… Nik ere han inguru hartan kokatzen dut nire burua… Eta Pedro hiru kanpadendetakoa kontatzen hasi da… Baina zein garrantzitsua den kontenplazioan isiltzea! Ez zekien zer ari zen esaten… Eta begira jartzen naiz, egoera dastatzen dut… Egoten ikasten dut… Egoten, entzuten eta begiratzen ikasten dut.. Nola sentitzen naiz?…
Eta sakoneko ahots baten antzekoa entzuten dugu: “Hau nire seme maitea da. Entzun iezaiozue!”… Hirurek dakite zeruko opari bat bizitzen ari direla… Eta bihotzez eskertzen dutela ikusten dut… Eta nik ere neure barnean errepikatzen dut: “Hau da Seme maitatua. Entzun iezaiozu!”… Xehetasunik galdu gabe bizitakoa gogoratzen saiatzen naiz… Nola geratzen naiz?… Eta esperientzia hau inoiz ez ahazteko eskatzen dut. Dastatu egiten dut, hobeto neureganatzeko…
4. JESUS ETA BIOK.
Esperientzia amaitu eta aurreko egoerara itzultzen dira… Begiak altxatzen dituzte eta, hori egitean, denak bere lekuan jarraitzen du: Jesus bakarrik dago beraiekin, lehen bezala… Barneko esperientzia izan da. Isiltasun handia dago. Oraindik hitzik ezin ahoskatu daude… Hitz egiten entzuten ditut eta ez dakite bizi izandakoari izena nola jarri… Bakean eta alaitasun hondar sakonez jarraitzen dute… Jainkoaren doakotasuna eta bere adierazpen modua aitortzen ikasten dut… Bizi izandakoari gustua hartzen diot, berriro gogora ekartzen dut, nire barnera ondo sar dadin… Denbora hartzen dut…
Jesusek orain hitz egiten dit gertatutakoa hobeto uler dezadan. Pedrori eta hamabiei esaten ziena gogorarazten dit: “Gizonaren semea gaitzetsi egin behar dute sanedrinak, apaiz gorenek eta legelariek, heriotza jasan eta berpiztu.”… Eta esperientziaren muina gogorarazten jarraitzen du: ENTZUN IEZAIOZUE!… Eta nire bizitzara ekarri eta hauxe galdetzen diot: Zuri entzutea, nahiz eta itxuraz zure misioak porrot egin?; Zuri entzutea, nahiz eta haurridetasunaren aldeko nire apustua gaizki amaitu?; Zuri entzutea, gaitzetsia izan arren? Eta Berak: “Bai, benetan”… Misioaren arbuioak eta zoritxarrak onartzen ikasiz joateko eskatzen dit… Jainkoak zoritxarrean hitz egiten duela barneratzeko eta ikasteko denbora hartzen dut…
Jesusek porrotak onartzeko dudan zailtasuna dela eta kezkatuta ikusten nau. Eta hauxe komentatzen dit: “Pertsonei zoriontasuna Jainkoarekin kontu guztietan konektatuta eta, beraz, beren burua eta beren gauzak haurridetasunaren alde erabilgarri egotetik datorkie.”… Eta zera galdetzen diot: “Jainkoarekiko, Zurekiko lotura hori al da lana, ospea, etxea, lagunak… Galtzen ikasteko gaitasuna ematen didana haurridetasuna irabazteagatik?” Eta une gogorren iluntasuna bakez, itxaropenez, Presentzia argitzaile horri lotuta bizitzea eskatzeko erabiltzen dut… Eta denbora hartzen dut…
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jaso egiten dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot edo eskerrak ematen dizkiot. Eta horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
Amen.