Artzain ona

Online

Jn 10, 1-10

 

0. TESTUA (irakurri parabola osoa).

– Bene-benetan diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harraparia. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. Hari irekitzen dio atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi bakoitzari bere izenez deitu eta artegitik ateratzen ditu. Bere ardi guztiak atera dituenean, aurretik joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute haren ahotsa. Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako.
 
Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien.
 
Orduan, honela azaldu zien Jesusek:
 
– Bene-benetan diotsuet: Neu naiz ardientzako atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin. Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango larreak aurkitzeko. Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baizik. Ni, berriz, bizia –eta bizia ugari gainera– izan dezaten etorri naiz.
 

1. EGOERA. Testuaren azalpen laburra.

Joanek, kapitulu honetan, Jesusen ahotan jartzen du bere kristau elkartekideek eurentzat Jesus zela jakin zutena: bere Bizia ematen duen artzaina, taldeak, Joanen kristau elkarteak, Bizia eta Bizi ugaria izan dezan etorri dena; zaintzen dituena, beldur-erlijioaren morrontzatik ateratzen dituena, beren aurretik doana…

Ona da, Jesusen garaiko egoera ezagutzea: Artzaina, artegia, ardiak, atea…
Familia bakoitzak 5-10 ardiz osaturiko artalde txiki bat zuen, haurrek bazkatzen zutena;
Gauez, familia guztien artaldeak sartzen zituzten harrizko artegian (artegi bakarrean). Ez zegoen aterik: artzaina, artaldea txandaka zaintzen zuena, atea zen;
Goizean kanpora ateratzen zituzten, eta familia bakoitzeko haur batek, izenez edo soinu berezi batez deituz, ardiak bildu eta bazkatzera eramaten zituen.

Eta orain konparazioa ulertuz joan gaitezke. Jesus artzaina da eta… 
Ardiei beren izenez deitzen die;
Jesus atea da, gauez ardiak zaintzen zituena, bera ate gisara baitzegoen;
Goizean kanpora ateratzen ditu. Erlijio-ulermenaren egoera hertsagarritik ateratzen ditu bizitza berria hasteko;
Benetako buruzagia da, aurretik aurpegia ematen doana. Berari bai jarraitzen diote ardiek;
Ardiak zaintzen ditu eta haiengatik bizia ematen du, ez sasiartzainen (bere garaiko botereen) eran.

2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.

Arnasa hartzen dugu sakonki. Arnasak estutzen gaituzten pentsamenduetatik ateratzen laguntzen digu eta orainaldean zentratzen gaitu, dagoen honetan.

Lasaitu egiten gara. Zentratu eta barreiaketa ekiditen dugu. Gure kezketatik aldentzen gara… Beranduago berriro ekingo diegu…

Gure barnearekin konektatzen gara, gure barnean dugun ‘Horrekin’, gure Bizi Iturriarekin. Barne isiltasuna egiten saiatzen gara. Lehenik, isiltasuna ez da zaratarik ez egotea, egorik edo nirik ez egotea baizik. Isiltasuna egiteko onena hauxe da: “geure maitasun, gurari eta axolatik irtetea”.

Sakonki entzuteko prestatuz goaz. Hauxe eskatzen dugu, otoitzaldi hau konfiantzaz-prestutasunez eta arduraz bizi ahal izatea.

3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…

OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.

Joanen ondoan jartzen naiz, bere elkartean, Jesusi buruzko pasadizoak kontatzen ari direnean eta zera esaten dit: “Oraindik gogoan dut Hamabiak aukeratu gintuenean. Guk izen bat genuen harentzat, ardiek artzainarentzat duten bezala; batzuei gurea ere aldatu zigun, gure misioari lotuago gera zedin: Simoni, Pedro deitu zion, edo guri –Santiago eta bioi– gure izateko moduagatik “trumoiaren seme” deitu zigun. Eta gozatu egiten dut bizipenak entzuten.

Beste hau ere entzuten diot Joani, “ardiak artegitik ateratzen zituen artzaina bezalakoa zen Jesus, legeak eta zigorrak betetzea eskatzen duen Jainkoaren ulermen horretatik ateratzen gintuen, konfiantzazko Jainkoarengana eramateko, maitasun eta egiaren Jainkoarengana. Eta jendeak jarraitzen zion, ardiek artzainari bezala. ”Gozatu egiten dut bere pertsonaren berritasunaz eta bere irakaskuntzaz mintzatzen zaizkigun bizitzako gertakari horietaz. Denbora hartzen dut eta Jesusen sentimendu berdinak izatea eskatzen dut.

Eta Joani entzuten jarraitzen dut: “Berak defendatu gintuen, aurpegia eman zuen gure alde Olibondoen Baratzean gure bila etorri zirenean: Noren bila zabiltzate?… Ni naiz. Nire bila bazatozte, utzi hauei joaten. Preso hartu zuten eta, gure lotsarako, ez genuen defendatu. Baina berak bai defendatu gintuen.” Harengandik ikasteko egoeraz baliatzen naiz, behar dutenen edo ahulago daudenen alde aurpegia ematen. Denbora hartzen dut.

 4. JESUS ETA BIOK.

Orain Jesusekin egoteko baliatzen naiz maitatua den norbaiti bezala so egiten baitit pertsonalki, bere taldeko, “bere artaldeko” norbaiti bezala. Ogiena kontatzen dit: “Atseden egun bat hartzera gindoazela, lehorreratzean gure zain zegoen jendetza aurkitu zuten. Horrenbeste ziren! Artzainik gabeko ardiak bezala zeuden. Erraiak hunkitu zitzaizkidan. Maitekiro agurtu genuen elkar, eta luze eta zabal irakasten hasi nintzaien, itxaropena berreskura zezaten.” Denbora hartzen dut eta errukizko erraiak izatea eskatzen dut besteen babesgabetasunaren aurrean…

Eta dirdira egiten duen benetako maitasun horrekin begiratzen didala, zera galdetzen dit: Zaintzen al dituzu besteak nik zaintzen zaitudan maitasunaz?… Nola zaintzen dituzu zure familia, zure seme-alabak, zure emaztea, zure gurasoak?… Nola zaintzen dituzu elkartekideak eta lankideak?… Eta zer arreta eskaintzen diezu inor ez dutenei, etxerik gabeko askori, preso askori…? Besteak zaintzeko eskatzen diot, Berak ni zaindua sentitzen naizen bezala… Denbora hartzen dut.

Presarik gabe jarraitzen dugu hizketan, elkarren berri behar duten aspaldiko bi lagunek bezala… Jarraitzen du niri galdezka: Nola zaintzen duzu Jainkoa, nola zaintzen duzu Harekin duzun harremana, zein maiztasunez hitz egiten duzu Harekin?… Eta zeure burua zaintzen al duzu egiazko ardura batez, bere buruari atseden ematen, baina bere buruari mugak jartzen dakienak bezala, bere burua bazter ez uzteko edo minik ez egiteko?… Bere galderak hausnartzen geratzen naiz eta bizitza Berak aurrean jartzen didan bezala bizitzeko irrikaz geratzen naiz… Eta horixe eskatzen dut.

5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.

Otoitzean bizi izandakoa jaso egiten dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot edo eskerrak ematen dizkiot. Eta horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

Amen.

 

keyboard_arrow_up