Lk 17, 5-10
0. TESTUA (Irakurri osoa)
Apostoluek hau esan zioten Jaunari:
– ”Indar ezazu gure sinesmena.”
Eta Jaunak:
– “Sinesmena bazenute, ziape -edo mostaza- hazia bezain txikia izanik ere, pikuondo honi ‘Atera hortik eta bota erroak itsasoan!’ esango zeniokete, eta egingo luke zuen esana.
Demagun, zuetako batek morroi bat duela goldean edo artzantzan ari dela. Morroia etxeratzean,‘Hator berehala mahaira’ esango ote dio? Ez ote dio beste hau esango: ‘Presta iezadak afaria, jantzi amantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren afalduko duk hik?’ Morroiari esker ona ote dio agindua bete duelako?
Zuek ere berdin: agindu zaizuen guztia egin eta gero, hau esan: ‘Morroi hutsal batzuk gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin.’”
1. EGOERA. Testuaren azalpen laburra.
Lukasen ebanjelioa gure konfiantza norengan jarri baztertzen saiatzen da. Aurreko igandeetan gure konfiantza aberastasunetan ez jartzeaz ari ginen. Gaurkoan egintza onetan ez jartzeaz ari da. Eta hau bi adibiderekin: 1) indar ezazu gure sinesmena eta 2) morroi hutsalen parabola.
Indar iezaguzu fedea: fedea, konfiantza, ezin da kanpotik indartu, baizik eta gizaki orori sorkuntzatik ematen zaion zerbait da: «Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen». Konfiantza hazi bat, gaitasun bat bezalakoa da, gizaki guztiengan presente dagoena. Nola garatzen da? Jainkoak gizaki bakoitzarengan doako konfiantza duelako. Eta guk Harengan dugu. Jainkoa “sortzen eta hazten” ari da, Iñigoren ‘Hasiera eta Oinarria’ testuan irakur dezakegunez, eta “gauza guztietan lanean ari da nire alde”,‘Maitasuna lortzeko Kontenplazioa’ delakoan. Eta guk doan erantzuten diogu bere konfiantzari.
Kontua zera da, adi egotea Jainkoa, pertsona bakoitza den hazian, eta munduko hazian, harremanetan, artean, hezkuntzan, ekonomian… lanean ari dela hazten sentitzen duen horretan, bere garapena antzematen duen horretan, sintonizatzen duen horretan, bere hazkundearekin dar-dar egiten duen horretan, bere absentziarekin sufritzen duen horretan. Jainkoaren hitz egiteko moduak deskubritzen ikasiz joatea. Nigan isiltasuna egiten dudanean, orduan hitz egin dezake Jainkoak. Kontua zera da, Jainkoak historian eta nigan duen presentzia sumatzeko sen berezi bat garatzea, beste batzuek dirua dela eta sen berezia duten bezala.
Eta morroi hutsalak? Horixe da Itun Zaharreko harreman-estiloa, jaun-morroi harremana. Horregatik testu honetan Jesusek, meritu bila dabiltzanei, morroiak ez duela meriturik gogorarazten die. Morroia da eta, beraz, betetzea da bere eginbeharra. Baina Itun Berrian, Joanen ebanjelioan, desberdina da. Jesusek beretarrei hauxe esaten die: “Zuei jada ez dizuet morroi deitzen, zuei adiskide deitzen dizuet“. “Morroi-betebeharretik doakotasun, adiskidetasun eta maitasunaren esparrura igarotzen gara. Gauzak doan egiten ditugu, benetako adiskideek egiten dituzten bezala, benetako gurasoek eta seme-alabek egiten dituzten bezala.
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.
Arnasa hartzen dugu sakonki. Arnasak estutzen gaituzten pentsamenduetatik ateratzen laguntzen digu eta orainaldean zentratzen gaitu, dagoen honetan.
Lasaitu egiten gara. Zentratu eta barreiaketa ekiditen dugu. Gure kezketatik aldentzen gara… Beranduago berriro ekingo diegu…
Gure barnearekin konektatzen gara, gure barnean dugun ‘Horrekin’, gure Bizi Iturriarekin. Barne isiltasuna egiten saiatzen gara. Lehenik, isiltasuna ez da zaratarik ez egotea, egorik edo nirik ez egotea baizik. Isiltasuna egiteko onena hauxe da: “geure maitasun, gurari eta axolatik irtetea”.
Sakonki entzuteko prestatuz goaz. Hauxe eskatzen dugu, otoitzaldi hau konfiantzaz-prestutasunez eta arduraz bizi ahal izatea.
3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…
OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Testuan barneratzen naiz, Jerusalemerako bideko gertaldian presente egiten naiz… Jesusekin Hamabiek bizi duten egoerarekin bat egiten dut… eta eskaera bat egiten diotela entzuten diet: “Indar ezazu gure sinesmena.“… Jesus begira geratzen zaie eta, ohi duen bezala erantzuten du, gehiegikeria batez: “Zuek ziape edo mostaza ale baten adinako fedea bazenute, eta hor dagoen masustondo horri esango bazeniote: “Atera zaitez hortik eta bota erroak itsasoan”, hark egingo luke zuen esana.”… Hamabiek Berari buruz izandako esperientziaz ari da… Irribarre egiten dut Jesusen irudiarekin… eta niri ere gauza bera gertatzen zaidala konturatzen naiz… Denbora hartzen dut…
Hamabiekin nago eta fedea izan dezaten Jesusek askoz gehiago ezin duela egin komentatzen ari dira, berataz fida daitezen…: “Bere bizi-eredua eta bere hitzak eman dizkigu.”… Eta Pedrok: “Guri dagokigu berarengan konfiantza izatea ala ez.”… Mahatsondo eta sastraken parabola dakarkit gogora: nola utzi ni naizen sastrakatik Jesus den mahatsondoaren gerlia pasatzen?… Konfiantza horrela suertatzen da… Eta gogora ekartzen dut: “Zaudete nigan, konfiantza horretan, eta horrela fruitu asko emango duzue.”… Eta dastatu egiten dut Jesusi konektatuta bizi izate hori, aihenak mahatsondoari bezala… Nola sentitzen naiz? Zer nahi dut?
Eta Pedrok jarraitzen du: «Adi egon behar dugu, Jainkoak gugan eta mundu osoan konfiantza hazia nola lantzen duen aurkitzeko»… Eta konfiantzazko hazi hori Jesusen sentimenduekin sintonizatzeko gaitasuna dela ulertzen dut. Eta horrela, Hari konektatua, bere hitza irakurtzen dudanean nigan zer mugitzen den nabaritzen dut, zein testuarekin dar-dar egiten dudan. Eta gauza bera: zer mugitzen den nigan, bizi naizen munduko gertaerak, albisteak ikusten-sentitzen ditudanean… Eta Hamabiekin baietza ematen dut, konfiantza bizitzako egoera guztietan Berataz fidatuz joatea dela.
4. JESUS ETA BIOK. GAURKOAN KOKATZEN NAIZ.
Jesusek jendetzari begiratzen dio eta bere begirada nirearekin gurutzatzen den une batean, hau esaten dit: “Ikas ezazu Jainkoaren hitz egiteko moduak aurkitzen… Otoitzak zuk entzutea behar du… eta horrek zera esan nahi du, isilune bat egiten duzula buruan dituzun zarata guztiak (kezkak, beldurrak) ahazteko… Zure barnean isiltasuna egiten duzunean, orduan hitz egin diezazuke Jainkoak… Eta horrela bere sintonian sartzen zara, zutaz eta beste hainbatez dituen desioekin bat egiten duzu”… Dastatzeko denbora hartzen dut…
Ondoren, aurrera egiten du Jesusek zera gogoraraziz: “Jainkoa zugan bizi da, Bere konfiantzak egoitza du zugan eta kontua Berari leku egitea da, zure interesak hustea, Bere nahiak lekua izan ahal dezan”… Eta nik esaten diot Jesusi: “Jainkoari, Abbari, konfiantza eman nahi diot, gizakiei buruzko Bere borondatea bihotz-bihotzeko errukiaz beterik baitago”… Ni ez naiz urrundik ere besteak maitatzera iristen, ezta nire burua maitatzera ere, Berak maite nauen bezala”… Horregatik fida naiteke Berataz… Jesusek entzun egiten dit, baietza ematen dit…
Jesusek aurrera egiten du: “Honela bizi zaretenean, ez zarete morroi hutsalak, nire adiskideak zarete, Aitak eman didan guztia ezagutarazi baitizuet. Morroiak ez daki bere jaunak zer egiten duen… Zuek badakizue zerk mugitzen nauen, zuengan konfiantza izan dut, ezagutzen duzue sentitzen eta desiratzen dudana”… Hauxe da Jesusek bere adiskideari, niri, esaten didana, baita guri, bere adiskideoi ere, eta Berarengandik jasotzen dudan konfiantzaz pozten naiz…
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jaso egiten dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot edo eskerrak ematen dizkiot… erreberentzia keinu batez, eskuak elkartzea, eskerronez, eskuak zabalduz edo onarpenaz: gurutzearen seinalea… eta berriz leku honetara itzultzen naiz… askatuz oinaz, zabalduz eskuak… begiak irekitzen ditut…
Amen.