Munduarentzat gatza eta argia izateko gonbidapena

Online

Mt 5, 13-16

 

0. TESTUA (osorik irakurri)

“Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.

Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.”

1. TESTUAREN IRUZKINA                                                         

Bi parabola bikain dira, irakaspen bat dutenak. Gatzak eta argiak beren kabuz ez dute ezertarako balio. Gatza erabilgarria da soilik elikagaiak ontzen dituenean. Argia iluna da gauzaki edo objektu bat topatu arte. Biak dira erabilgarriak beste zerbaitekin lotura edo erlazioa dutenean.

Gatza oso produktu erabilgarria da, zaporea ematen eta elikagaiak iraunarazten dituelako. Bakarrik falta bada edo soberan badago, orduan nabaritzen da. Gatza ez da beretzat baliagarria, lapiko osoari zaporea emateko baizik. Gauza bera gu, gatza bagara. Alegia, gure kulturan harremanei eta bizitzari zaporea ematen diegun neurrian gatza gara. Baina honek disolbatzea suposatzen du. Gerta daiteke norbait erabat desegitea: martiritzak edo nekeak jota.

Argiak, gainera, beste iturri bat behar du, eguzkitik edo sutik sortzen baita. Adibidez, argizariak argia ematen du kontsumituz. Guk argia ematen dugu desagertuz. Argizariak su hartzen du denbora batez, argizaria bukatu eta itzali arte. Horrela lortzen du osotasuna: emanez, hustuz. Ez hainbeste bere ‘nia’ gizenduz. Gogora ekarri Mendekostean suzko mihien gisan agertzen den Espiritu Santua.

Ez zaigu eskatzen ez gatzatzea ez argiztatzea, gatza eta argia izatea baizik. Baldin bagara, ematea aterako zaigu: “Ahoa bihotzaren ugaritasunetik mintzo da.” Gaur irakasleak baino lekukoak behar ditugu. Egitea baino gehiago izatea, egiten dutena zertarako egiten duten beren buruari galdetzen dioten pertsonak. Baina argia bagara, izan gaitezen argiztatzen duen argia, ez lausotzen duena (argiztatzen duenak besteei laguntzen die, beharrean dagoenari. Lausotu egiten dut, besteak txunditzeko).

2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU

Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.

– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi erritmoarekin konektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.

– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.

Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.

3. IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ -ESZERAra itzultzen naiz. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…

OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.

Jesusekin hasten naiz berriro zoriontasunen mendian eta inguruko pertsonei erreparatzen diet, zerbait berria entzun beharra duten pertsonei, zerbait bihotz-altxagarria, bizia emango dien zerbait, norbait bezala, pertsonak bezala ezagutzen dituen Jainkoaren hurbiltasuna sentiaraziko dien zerbait… Astiro begiratzen diet Jesusekin beren duintasunean onartuak sentitzen hasten diren hainbeste pertsonari: beren aurpegiei egiten diet so, beren begietako itxaropen-distirari… Denbora hartzen dut…

Jesusengandik hurbil jartzen naiz… Hari erreparatzen diot: hurbil eta urrun dituen pertsonen aurpegiei begiratzen ez da nekatzen… Jainko Abbaz beteriko bihotzetik sortzen den begirada sakon horrek, badirudi ingurukoen egoera eta sentimenduez eta Jainkoak beraientzat duen desiraz blaitu nahi duela… Jendeari Jainko Abbaz betetako bihotzetik begiratzen ikastea eskatzen diot, eta sentitzen ditudan bezala tratatzea, giza familia bereko kideak bezala .

Jendartean isiltasun handia egin da eta hitza hartzen duen Jesusi entzuten diot: “Zuek lurraren gatza zarete”… Jesusek haiengandik, ezereza direnengandik, espero duenagatik hunkituta daude eta hauxe entzuten da: “Uste al duzu gu izan gaitezkeela gure gizartearen harremanei zaporea emango diegunak?”… Eta Jesusek: “Bai, zeuek baldin bazarete, Jainkoaren errukia zuen giroan bizi duzuelako eta bizi nahi duzuelako.” Eta hala dela sentitzen dut, eta pertsonak direnagatik eta ez itxurengatik balioesten ikastea eskatzen dut…

4. JESUS ETA BIOK

Gertutasun eta konfiantza giroa sortu denez, nik ere galdetzen diot: “Eta ni ere gatza naiz ala gatza izatera deitua nago?”… Eta Jesusek: “Horixe. Dagoeneko gatza zara, nahiz eta zuk ez sinetsi. Gatza izaten jarraitu!”… Denbora hartzen dut haren hitzak sinesteko eta antzematen nauen moduan nire burua kutsatzeko, baita gatza naizela sentiarazi didaten pertsona batzuei eskerrak emateko ere…

Eta Jesusek jarraitzen du: “Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko, bideak konpontzeko barreiatua izateko baino ez du balio.” Pertsonen gogoa entzuten da, beren bizitzak zerbaitetarako balio izatea, batez ere existentziari zaporea emateko… Nola sentitzen naiz?… Eskatu egiten dut… Eskerrak ematen ditut…

Jesusek: “Zuek zarete munduarentzat argia. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko.” Parabola honek gure desiorik onenak sorrarazten ditu. Batzuei eta besteei entzuten diet: “argia izaten jarraitu nahi dut, sutan dagoela argiztatzen duen argizaria bezalakoa izan nahi dut, beroa ematen duen eguzki-bateria bezalakoa izan nahi dut, eguzkiak etengabe kargatzen duelako eta bere energia deskargatzen duelako gizartea martxan jartzeko”. Era berean, oparitzen den Jainkoaren maitasunaren indarra izatea eskatzen dut.

5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.

Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen…begirune keinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpen keinuaz (gurutzearen zeinua)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

Amen

 

 

keyboard_arrow_up