Mt 2, 1-12
0. TESTUA (osorik irakurri)
Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalenen: “Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz” galdezka.
Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, baita Jerusalen hiri osoa ere. Orduan, herriko apaizburu eta lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien. Haiek “Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak” erantzun zioten. (…) Orduan Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Gero Belenera bidali zituen “Zoazte eta jakin zuzen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, niri adierazi, neu ere gurtzera joan nadin” esanez. (…)
Bidean zihoazela, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte. Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren beren kutxatilak zabalduz, eskuerakutsiak eskaini zizkioten: Urrea, intsentsua eta mirra. Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.
1. TESTUAREN IRUZKINA
Epifaniak agerpena esan nahi du: Jesusen agerpena, gizateria osoari. Lehenengo mendeetan, kristauek batera ospatu zituzten hiru agerpenak: Jesusen jaiotza, jakintsuak eta bataioa. Testuak jakintsu batzuk –ez hiru– aipatzen ditu, bila zebiltzanak. Seinale batek bidean jarri zituen. Elkarrekin bilatzen dute: Ez bakoitzak bere aldetik, elkartasunean baizik.
Haientzat seinalea izar bat da. Garaiko pentsamoldeak honela zioen, izar berri baten agerpenak edo aurkikuntzak historiako pertsonaia handi baten jaiotza adierazten zuela. Pertsonaia salbatzaile hori aurkitzeko, beren lurraldetik, beren nitik (egotik) eta segurtasunetatik irtengo dira, bidean jarriko dira eta nora eramango dituen ez dakiten bidaiari ekingo diote. Bizitzako erromesak. Zenbat pertsona ez diren ibili, indar handiagoz edo txikiagoz, zerbait edo Norbaiten bila, egunero benetakotasunez eta bakez bizi ahal izateko aukera emango diena!
Bila doaz, garaiko informazio pribilegiatua: Autoritate zientifikotik, apaizburu eta Lege-maisuengandik hasiz, “Judako Belenen jaio behar da” (baina haiek liburuarekin geratzen dira, ez bizipenarekin), eta botere politikotik, beti kontrolatzea bilatzen duen Herodesengandik: “Aurkitzen duzuenean, zatozte niri esatera ni ere gurtzera joan nadin,” hau da, hiltzera.
Jakintsuek bilatzen jarraitzen dute topaketa gertatu arte, ez jakintzaren eta boterearen nitxoetan, baizik eta etxe batean, familia xume batean: “Etxean sartu ziren eta ama aurkitu zuten haurrarekin,” eta gurtu egin zuten, begirunezko onarpenaren seinale, eta opariak eskaintzen dizkiote. Opari sinbolikoak: urrea (erregetza), intsentsua (jainkotasuna), mirra (irrika). Izaki hauskor, behartsu, errugabe horrengan gizateria osoarentzako Jainkoaren salbazioa moldatuz eta garatuz joango da. Salbamen hori edozeinek eskura dezake. Horrexegatik da orokorra, unibertsala.
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU
Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.
– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin ko-nektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.
– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Itu-rriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.
Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.
3. IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ -ESZERAra itzultzen naiz. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…
OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Testuan barneratzen naiz, jakintsuek bizi duten egoerarekin errespetuz bat eginez, eta haiekin bidean eta hizketan hasten naiz, bertan banengo bezala. Eta “Bere izarra aurkitu dugu… izar ona, unibertsoaren salbazioa dirudiena” kontatzen didate… Orain izar berri bat jaiotzeko pertsona aurkitu behar dela konturatzen naiz… Taldean ibiltzen direla ikusten dut, bilaketa taldean, eta gozatu egiten dut ibilera gogotsu horrekin… Dastatzeko denbora hartzen dut…
Gauez haiekin noa eta poema hau errezitatzen diet: “Gauez, gauez joango gara, iturria aurkitzeko egarriak bakarrik argitzen baikaitu” eta taldean ilusioz beterik nabil; aurpegiei so egiten diet: beren bizitzako altxorraren bila dabiltza. Landako lurrina usaintzen dut, bilatzaileen lurrina, eta beren bilaketan arriskatu egiten dute, jakintza-zentroetan galdetzen dute eta Lege-maisuei egiten dieten galdera entzuten dut: “Non jaio da juduen erregea? Bere izarra ikusi baitugu…” Eta bilaketa horretarako iraunkortasuna eskatzen dut…
Haiekin segitzen dut bilatzen jasotako jarraibideei kasu eginez eta jakintsuei entzuten diet: “Lekura iritsi gara, sendi baten bizitzara, aita bat, ama bat eta haurtxo bat.” Honetaz konturatzen naiz, txiki orok bezala, bere irudi samur eta premiatsuarekin, bihotza irabazten didala, nire samurtasuna ateratzen didala… eta jakintsuek dena nola ematen dioten ikusten dut, eta nik haiekin batera. Eta beharrean dagoenari arreta jartzea zer den ikasten dut, eta nire bizitza markatu duten topaketak eta bilaketak gogora ekartzen ditut… Eta denbora hartzen dut.
4. JESUS ETA BIOK
Eta jakintsuekin jarraitzen dut beste bide batetik… eta “Jainkoari entzun diogu eta boteretsuen engainuez konturatu gara” esaten didate… eta Jainkoarekin batera joateak sen edo intuizio berezi bat, seigarren zentzu bat ematen diela ikusten dut… Boteretsuen hizkeretan egia eta gezurra bereizten ikastea eskatzen dut, “boterean jarraitzeko grinarekin jendearentzat arrisku bat direlako eta areago jende xumearen bizitzarentzat”… Dizernimenduaren dohaina eskatzen dut…
Eta agur egiten diet jakintsuei… “Eskerrak eman nahi dizkizuet beste salbazio bat abian jarri dela igartzen dudalako, ahulagoa, hauskorragoa, unibertsalagoa, guztiontzat dena, salbazioa proposatzen duena, inposatzen ez duena, burua makurtzera behartzen ez duena, baizik eta pertsonak bultzatzen dituena, sendatzen, erantzule egiten… Hauxe da Jesus haurraren salbazioa…” Eta eskerrak ematen dizkiet bilaketan beren ondoan joaten uzteagatik, salbazio hori historian gorpuzten ari dela aurkitu dudalako… Denbora hartzen dut…
Otoitz bat egiten dut, nire begirada gaur egun bizi dugun mundo osoko errealitatera itzuliz: “Jesus Jauna, gaur egun badira beren salbazioa inposatzen dutenak, oposizio demokratikoa ezabatzen duten legeak eginez edo, besterik gabe, bere liderrak espetxeratuz, komunikabide guztiak propaganda bakarrerako erabiliz, multinazional handiei beren negozioak egin ditzaten lagunduz, hauei lotuta baitaude…. Hauxe eskatzen dizut, salbazioa, haurridetasun unibertsala: koronabirusak erakutsi digun bezala, denontzat da edo ez da.” Horregatik eskatzen dizut zure erreinua guregana etortzea…
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen…begirune keinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpen keinuaz (gurutzearen zeinua)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
Amen