Iluntasunetik argira… Ikusten ikasiz

Online

Jn 9, 1-41

 

0. TESTUA (osorik irakurri)

“Jesusek itsu jaiotako gizon bat sendatuko du eta ikasleek galdetzen diotenean noren bekatuaren ondorioa den itsumen hau, inorena ez dela erantzungo die.

Judu agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta honela esan zioten:

– Aitortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori (Jesus) bekatari dela.

Eta sendatuak:

– Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala. (…) Gizon horrek, Jainkoarengandik ez baletor, ezin izango luke ezer egin.

Eta haiek:

– Goitik beheraino bekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?

Eta elkartetik kanpora bota zuten.

Jakin zuen Jesusek sendatutako itsua elkartetik kanpora bota zutela eta, harekin topo egitean, hau galdetu zion:

– Sinesten al duzu Gizonaren Semearengan?

Eta hark:

– Esadazu nor den, Jauna, sinets dezadan!

Eta Jesusek:

– Ikusi duzu. Zurekin ari dena bera da. 

Orduan, Jesusen aurrean auspeztu eta “Sinesten dut, Jauna” esan zion.” (…)

1. TESTUAREN IRUZKINA                                                         

IKUSTEaren zeinu hau (itsumenetik bista berreskuratzera doana) Joanen elkarteak jartzen du, bataiatu aurretik kristaugaiek egin behar duten bideari lotuz. Kristaugaiak itsuarekin identifikatzen dira. Jaiotzaz itsuak balira bezala hasten dira. Ez dakite argia zer den. Jesusen gonbidapena jasotzen dute: Ikusi nahi al duzu? Jesusek aurrea hartu du, buztina egiten du, begiak “gantzutzen” dizkio. Mesias gantzutua den gantzudura bera da. Espirituak gantzutuak. Eta bere laguntza eskatzen du. “Zoaz Siloera (Siloek “bidalia” esan nahi du) begiak garbitzera”, eta prozesu baten ondoren, ikusiz itzultzen da.

Ikusten duela, bere hitza bakarrik erremusina eskatzeko erabiltzetik bere hitz sendo eta koherentea erabiltzera pasatzeko gai da: “Gauza bat dakit, lehen itsua nintzela eta orain ikusten dudala,”“Moisesi Jainkoak hitz egin zion. Eta horretaz ez dakigu nondik datorren” esaten dioten fariseuei aurre eginez, eta itsuak: “Bitxia da hori, ez dakizuela nondik datorren eta niri begiak ireki dizkit; ez da inoiz entzun norbaitek jaiotzez itsua den bati begiak ireki dizkionik.” Hiriko atean ‘eserita’ egotetik, norbait libre eta koherente bezala ibiltzera igarotzen da.

Egoera hau, juduak kristau bihurtzen zirenean, itsuari gertatu bezala, sinagogatik kanporatzen zituzten testuinguru batean gertatzen da, alegia, elkarbizitza eta beren bizitzaren eta fedearen adierazpen esparruetatik kanporatzen zituzten testuinguruan. Eta gizarte kanpo gorrian geratzen ziren. Kanpo gorrian geratzen den itsuarentzat itsumena sendatzen duen eta gizon berri bihurtzen duen Jesusek indar handiagoa dauka, legea betetzeak eta gizartean babestuta egoteak baino.

Itsuak entzuna zuen Jesusi buruz: “Jesus izeneko gizon horrek buztina egin du eta ikusmena berreskuratu dut.” Jesus, sinagogatik bota dutenean, bere bila dabil. Eta hau galdetzen dio: “Sinesten al duzu gizon horrengan (begiak buztinez gantzutu zizkizun horrengan)?” Itsuak artean ez zuen Jesus ikusi. “Nor da nik sinets dezadan?” Jesusek: “Zurekin hizketan ari dena.” Orain lehenengoz ezagutzen du, aurpegia eta izena jartzen dizkio bere bizitza berria posible egin duenari. Eta gurtu egiten du. Jesus da Tenplu berria. Bizia berarengan dago. Benetako gurtzaileek Espirituz (begiak buztinez gantzutzean jasotakoaz) eta Egiaz gurtuko dute: Hona hemen bizitzen hasia den bizitza berriaren moldea.

2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU

Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.

– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi erritmoarekin konektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.

– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.

Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.

3. IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ -ESZERAra itzultzen naiz. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…

OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.

Jesusekin eta bere ikasleekin noala, eserita erremusina eske dagoen “jaiotzez itsua den gizon batez” ohartzen dela konturatzen naiz… Berak edo bere familiak egindako gaiztakeriaren batengatik Jainkoak zigortuko zuela uste izaten zen. Eta Jesus argiaren lanak egiten hasten da: Haren ondoan gaude zutik, bere listuaz buztina nola egiten duen ikusten dugu… eta itsuari begietan igurtzen dio gantzudura gisa, eta hau esaten dio: “Zoaz garbitzera Siloeko uraskara!”… Bere denbora eskatzen duen ekintza bat da, jardunbide bat, eta dizipuluekin ikasten dut gauza garrantzitsuak daudela, beren denbora behar dutenak… Nola sentitzen naiz?

Itsuak konfiantza duela ikusten dugu, Siloerako bidean jartzen da, bere denbora hartzen du, proposa-menari erantzuten dio, bere burua garbitzen du… Ikusiz itzultzen dela ohartzen gara, ikustearen berritasunaren poz sakonagatik… Gozatu egiten dut berarekin.

Eta bere inguruko egoera berriak eragiten dizkion arazoetan lagun izango naiz… “Nola sendatu zara? Nork egin du? Larunbatez debekatuta dago buztinez lan egitea. Ez duzue bete Jainkoak Legean ezarritakoa. Gizon hori ez da gari garbia. Moisesi Jainkoak hitz egin zion, baina horri…” Eta itsuak; “Horixe da harritzekoa, niri begiak ireki dizkidala, inoiz ez baita entzun jaiotzez itsu bati inork begiak ireki dizkionik. Jainkoaren aldetik ez baletor, ez zukeen egingo…” Gizon berria dela sumatzen dut… Lehen ez zen ausartuko gizarte talde ahaltsu baten aurrean hitz egiten, eta gozatu egiten dut… Baina salneurri bat ordaintzen du: Sinagogatik botatzen dute… Denbora hartzen dut.

4. JESUS ETA BIOK

Begira daukadan Jesusekin topo egiten dut eta zera kontatzen diot: “Nolako aldaketa ikaragarria itsu horrengan eman dena! Beste bat da: nola jartzen den bere egia kontatzen! Nola galdu duen beldurra!…” Eta Jesusek: “Fededuna izateagatik, Jainkoak sendatzearen esperientzia izateagatik, gauzak modu desberdinean ikusten hasi zarenean… lortu al duzu zure giroetan askatasunez hitz egitea, Jainkoak zurekin zer egin duen azaltzea? Entzun egiten diot eta galdera niretzat gordetzen dut…

Aurrerago hauxe erantzuten diot Jesusi: “Izan ere, esperientzia berdintsu bat gertatu zitzaidanean, nire burua aldatzen eta gauzak beste modu batera balioztatzen hasi nintzen, ez nituen gauzak –gastuak, jaiak, kontsumoak, oporrak, hitz batean: nire bizitza…– egiten ohitura direlako, lehen egiten nituen bezala: orain lagun berriak egin nituen, gustuak aldatu, tokiak ere bai… Batzuek niri hitz egiteari utzi zioten, beste batzuek burua jan zidatela esaten zidaten, beste batzuek pasatuko zitzaidala…” Eta abestiarena –“Jendeari ez zaio gustatzen norberak bere fedea izatea”– deskubritu nuen: Baina nire bizitzan sentitzen nuen zerbait zela eta egia zela.

Eta orduan, Berarekin noala, sinagogatik kanporatutako itsuarekin elkartzen gara bidean… Eta Jesusek: “Sinesten al duzu gizon horrengan, begiak gantzutu zizkizun horrengan?…” Eta erantzuna: “Eta nor da berarengan sinets dezadan?” Eta Jesusek: “Hizketan ari zaizuna.” Eta gizona Jesus sakonki ezaguntzat hartzen ikusten dut: “Sinesten dut, Jauna...” Eta nik ere neurekin egin duena onartzeko… begiak irekitzen aritu zaizkidan aldiak ezagutzeko denbora hartzen dut… eta eskerrak ematen dizkiot bihotz-bihotzez.

5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.

Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen…begirune keinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpen keinuaz (gurutzearen zeinua)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

Amen

 

 

keyboard_arrow_up