Mt 5, 17-37
0. TESTUA (osorik irakurri)
“Ez uste izan Moisesen legea profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik: Ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik. (…) Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.
Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez inor hil; eta hiltzailea kondenatua izango da. Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena, kondenatua izango da. (…)
Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera. (…)
Badakizue legean agindua: Ez egin ezkontza-nahasterik! Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik ezkontza-nahastea bere bihotzean. Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti. (…)
Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola ezkontza-hauste agiria! Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legearen kontra elkartuak ez badira behintzat— ezkontza-nahastera bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak ezkontza-nahastea egiten du.
Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik eta bete Jaunari egindako zinak! Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik! (…) Esan ezazue ‘bai’, bai denean, eta ‘ez’, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.”
1. TESTUAREN IRUZKINA
Egoera historikoa: Jerusalemgo kontzilioa gogora ekartzea. Batzuek zioten Lege osoa bete behar zela, eta beste batzuek, berriz, agindu batzuk besterik ez, gainditua geratu baita Legea (san Paulok aurkezten duena). Mateok, juduen ebanjelariak, “legea azken huskeriaraino bete behar dela dio”. Jesus etorri da “ez legea indargabetzera, osotasuna ematera baizik.” Bi iritzi. Eta gaurko testuan osotasuna nola emango dion azaltzen du Mateok.
Bitxia da, Jesus Legea baino goragoko agintaritza bezala agertzen delako: “Entzun duzue hau esan zitzaizuela (legean idatzita zegoena)…, baina nik esaten dizuet…” Bere buruari egiten dio erreferentzia. Bibliako literatura osoan ez dago antzekorik ezer, horrelako aginpidea duenik. Adibidez, legeak dio: “Ez duzu hilko” (Irteera Liburua 20,13 eta Deuteronomioa 5,17). Baina, legea betetze horretan, Jesusek muturreraino eramaten du anaia/arrebarenganako errespetua. Ez bakarrik ez hiltzea, baizik eta irainik txikiena ere ezabatzea: Indarkeriaren atalasea errotik murrizteko prozesu oso bat.
Zalantzarik gabe,Jesusen hitz hauek –“Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak“– gehiegikeria dirudite; ekialdeko gustuaren arabera, hiperboleak entzulea probokatu eta lekuz kanpo utzi nahi du, ezkontza-haustea gizonek erabiltzen zuten praktika zela jakinda, inoiz ez emakumeek. Eta emakume dibortziatua bizitza osorako iraindua geratzen zela. Hor Jesusek dioenak emakumea duintzen du. Gizonaren parean jartzen du (Elisa Estévez). Areago: Zin egin, sinetsia izateko? Ez, beti egia esatea baizik. Hizkera zuzena eta egiazkoa: Esan ezazue ‘bai’, bai denean, eta ‘ez’, ez denean. Izaera.
2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU
Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.
– Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (itotzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi erritmoarekin konektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.
– Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure burua-rekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.
Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.
3. IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ -ESZERAra itzultzen naiz. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…
OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.
Jesusekin jarraitzen dugu zoriontasunen mendian, non Jesusek bere hitzaldia ematen jarraitzen duen… Pertsona behartsuez inguratuta dago, pertsonak bezala onartzen dituen Jaungoikoaren hurbiltasuna sentitu nahi duten pertsonez… Poliki begiratzen diet Jesusekin itxaropena berrartzen dutenei: Haien aurpegiei, begiradei, adi egoteari egiten diet so. Bizi duten itxaropen-uneaz gozatzen dut… Denbora hartzen dut.
Eta entzuten jarraitzen dut. Jesusek hitza hartzen du: “Entzun duzue… esan zela, baina nik esaten dizuet…”: “Txundituta geratzen naiz, inor ez baitzen lehenago ausartu legea ikutzera, eta are gutxiago norbere izenean… Entzuten ari direnek ere esaten dute: “Inork ez du lehenago horrela hitz egin“. Jesus Abba Jainkoaz betetako bihotzarekin mintzatzen da… Eskerrik asko historian agertu den gizatasun handieneko pertsonaren aurrean egoteagatik.
Jesusengandik hurbil jartzen naiz, Harengan erreparatzen dut: Ez da nekatzen hurbil eta urrun dituen pertsonen aurpegiei begiratzen, eta berriro haiei zuzentzen zaie: “Hori esan zela entzun duzue: Ez duzu hilko, baina nik esaten dizuet bere anaia edo arrebari ergel deitzen diona suaren errudun izango da…” Gure artean elkar horrela tratatuz gero, elkar irainduz ere, gizatasunean, errespetuzko harremanean irabazten dugula sumatzen dut… Bere hitzak dastatzen ditut eta horrela bizitzea eskatzen dut…
4. JESUS ETA BIOK
Sortu den konplizitate giro horretan jarraitzen du Jesusek: “Zure eskaintza aldarean aurkeztera zoazenean, gogoratzen bazara zure anaiak zure aurrean kexaren bat duela…” Eta nik kexarik ez dudala konturatzen naiz, baizik eta nire aurrean besteak duela… Gogoan ditut horrenbeste pertsona barkamena nik eskatzeko, eta barnerako egiten dut…
Badirudi Jesusek abiada hartu duela eta niri begiratuz esaten dit: “’Ez egin ezkontza-nahasterik’ entzun duzue ‘, baina nik diotsuet, emakume (edo gizon) bati irrikaz begiratzen dionak bere bihotzean ezkontza nahastea egin du.” Eta nire begirada, nire desioak garbitzeko eskatzen dut, pertsonei, gizon eta emakumeei, Jesusek begiratzen dien bezala begiratzeko; Jesusekin konektatuta bizitzea eskatzen dut, pertsona ororenganako Bere errespetu eta maitasun sakonaz… Denbora hartzen dut…
Eta oraindik entzuten diot: Egia esaten ziurtatzeko zin egiten da. Baina nik esaten dizuet “Ez duzu sasizinik egingo, ez duzu gezurrik esango ez zin egitean, ezta edozein hitz esatean ere…” Nola sentitzen naiz?… Horrela bizitzera deitua sentitzen naiz: Gardena izateak poza emango luke, ezkutatzeko ezer ez izateak… Nire hitzetan egiatia izatea eskatzen dut… Gardenkeriaz eta egiaz gozatzen dut… Denbora hartzen dut.
5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.
Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen…begirune keinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpen keinuaz (gurutzearen zeinua)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
Amen