Biziaren Jainkoa jaiotzen da

Online

Lk 2, 1-14

 

0. TESTUA (osorik irakurri)

Garai hartan, mundu guztiko erroldaketa egiteko agindu zuen Augusto enperadoreak. (…) Erroldatzera joan ziren denak, nor bere herrira. Jose ere (…) Galileako Nazaret herritik Judeako Belen zeritzan Dabiden herrira igo zen bere emazte Mariarekin, erroldatzera. Maria haurdun zegoen. Belenen zeudela, haurra izateko egunak bete zitzaizkion eta lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abereaska batean ezarri zuen, ostatuan ez baitzen haientzat tokirik. Baziren inguru hartan artzain batzuk (…) Jaunaren aingerua aurkeztu zitzaien (…) eta honela esan zien: “Ez beldurtu! Hara, berrion pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat bai herri osoarentzat ere: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Dabiden herrian. Eta hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana.”

Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zen (…) Jainkoa goretsiz: “Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei!”

1. TESTUAREN IRUZKINA                                                 

Lukasek Jesusen jaiotza kokatu nahi du une hartako historia unibertsalarekin lotuz, leku batean eta garai batean. Eta, zehazki, Erromako (boterearen) kontrol zorrotzaren erdian, zergak ordaindu eta persona guztiak kontrolpean edukitzeko. Erabateko kontrol horren erdian askatasuna, salbazioa sortzen da. Jainkoak harritu egiten du, bizia gutxien espero den tokian sortzen baita: haur baten, Jesusen ahulezia maitakorrean.

Lukasek Jesusen jaiotza Belenen aurkeztu nahi du, abereen eta ez pertsonen lekuan. Belengo etxeko “ostatua”, pertsonak bizi ziren lekua zen. Eta azpian, lurra karstikoa zenez eta harpeak zituenez, abereak gordetzen eta elikagaiak pilatzen zituzten. Jainkoa lekurik apalenera jaitsi da, pertsonak bizi ez diren lekura, ukuilura. Leku horretara mundu guztiak dauka sarrera (salbazioaren unibertsaltasuna). San Pablok dioen bezala, “bere burua beheratu zuen menpeko eginez” (Fil 2,5).

Testuaren beste gako batzuk: Gaur jaio zaizue… Gaur guretzat ere jaio zaigu, gaur. Areago: deia jasotzen dutenak erne daudenak dira, artzainak dira –ordutegiak zirela eta gutxietsitako lanbidea zutenak, kultua ospatzera joateko ezintasunagatik–. Gaur “erne” daudenak/gaudenok. Jesus garaiko erlijio-erakunde boteretsuetatik urrun jaio da. Laburbilduz: Jainkoa gu erdikide egiten saiatzen ari da, Maitasunak besteak erdikide eta elkar erdikide egitera daramalako.

2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU

Kokaeraren bila gabiltza… ez oso artega ez oso eroso. Oinpeak zoruaren arrimuan. Sorbalda zuzen.

Eta arnasa hartzen dugu behin baino gehiagotan arnasgora sakonak eginez. Arnasketak (ito-tzen gaituzten) pentsamenduetatik irteten laguntzen digu eta orainaldian zentratzen gaitu. Arnasketak bizi-erritmoarekin konektatzen laguntzen digu. Bizirik mantentzen gaituena da. Arnasa hartzen jarraitzen dugu eta lasaituz goaz. Gure kezketatik distantzia hartzen dugu.

Arnasa hartzean, gure barneko gune horretara sartzen gara, non bakean aurkitzen garen, non geure buruarekin topo egiten dugun… eta bertan bizi eta gainditzen gaituen Ongiarekin ere topo egiten dugun, gure Bizi Iturriarekin. Gure isiltasun-gunea aurkituz goaz. Arnasa hartzen jarraitzen dugu. Isiltasuna ez da zaratarik eza, egorik (nirik) eza baizik.

Testua kontenplatzera pasa baino lehen, bi jarrera hauek prestatzen ditugu: konfiantza (ni eramaten uzten diot Jaunari, Bere eskuetan jartzen naizela) eta jarduna edo dedikazioa.

3. IKUSI EGITEN DUGU, ENTZUN, TESTUA DASTATU. NI PRESENTE EGITEN NAIZ -ESZENAra itzultzen naiz. IKUSI, ENTZUN, DASTATU…

OHARRA: Eten-puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.

Gertaldian kokatzen gara, Belenera iristen ari garela, Jose eta Mariaren ondoan… Kontrolatuak izateko, zergak ordaintzeko erroldatuak izateko joaten dira… baina ez dago baldintza horietan ez bidaiatzeko mediku-egiaztagiririk egingo dienik… Beraiekin goaz, ostatukoek abereen lekuan uzten dituztenean, herrikoiak, behartsuak direlako… So egiten dut, beren ondoan noa, bertan banengo bezala… Nola sentitzen naiz?… Ikasteko, gertaldiari begira nago…

Leku horretan —ukuilu txiki, zikinean— kokatzen gara, Jose eta Mariaren ondoan, bertan banengo bezala… Lekua utzia ikusten dugu. Maria, ahal duen lekuan kuzkurtuta, seme batez erditu da eta Jose ondoan du… Ni modu adeitsuan kokatzen naiz: behar dutenaz galdetzen dut… ostatura igotzen naiz… ura eskatzen dut… oihal zuri bat… Guzti horrekin jaisten naiz… Nola daude Maria eta Jose? Lortu dudana ematen diet, eta begiratu egiten dut… eskertu… eskatu…

Josek ur ontzia hartu eta Mariari edatera ematen dio, haurra garbitu eta Mariarengana eramaten du… Honek beste oihal zati batekin ere zilbor-hestea hartu eta ahalik eta modurik aseptikoenean jartzen du… Mariari, umearekin, so nago eta Joseri ere, Maria geldiarazten eta adoretzen duela ahulezia egoera horretan, erditze egoeran. Gertaldiari begiratzen diot, eta bertan egon eta lagunkoi izaten jarraitu nahi dut… Nola sentitzen naiz?… Zer eskatzen diot?… 

4. JESUS ETA BIOK

Josek, umeari pixka bat eusteko eskatzen didanak, Mariaren ardura hartuko du, Maria deseroso eta minbera baitago… Eta nik, gorputz txiki hori eskuartean daukadala… nire gorputzari itsatsita… usaindu egiten dut jaioberrien urrin berezi hori… Ene bada! Eta salbazioa hartzen ari naizela pentsatzea ere!… Oparitzen zaidan salbazioa, hain hauskorra naizen honen eskuetan jartzen dena. Eta salbazioaz ni arduratu behar naizela konturatzen naiz… Nola sentitzen naiz?… Une hau gozatzen ari naiz eta gaur Jainkoak nire eskuetan jartzen dituen salbazioez arduratzeko egin didan deia aurkitzen dut…

Eta orain haurra Mariari uzten diot… Zoriondu egiten dut. Nola begiratzen didan! Pozik nago Jose eta Maria Jesusez gozatzen ikusiz. Haurra elikatzeko unea heldu da. Pozgarria da Mariak ere bere txikia elikatzen nola ikasten duen ikustea! Josek aska pixka bat garbitzeko eskatzen dit: sehaska bat-batean asmatu behar da, bera Mariarekin geratzen den bitartean… Hizketan entzuten diet eta ulertzen ez dutena nola onartzen duten aurkitzen dut, nola onartzen duten inork lekurik egiten ez dion tokian jaiotzen den edozein pertsonaren izaera, eta aurkitzen dut Jainkoak salbatzeko duen modua…. Eta so egiten geratzen naiz…

Eta nire pentsamendura ekartzen ditut hainbeste emakume haurdun eta pateratan etortzen direnak eta ahal duten eran erditzen direnak, baita ume batzuk jaiotzen diren hainbeste egoera ulertezinak ere… Eta sentituko ahal dute Jainkoak esperientzia bera bizi izan duela alde batera utzita jaiotzean! Eta zera entzuten dut: ”Duintasuna ez du jartzen jaiotze-lekuak, jaiotzen den pertsonak baizik, berarengan bizi baita Jainkoa.” Eta Joseri eta Mariari begira, barneko motibazio handia dagoenean, kanpoko edozein gorabeherari aurre egin dakiokeela konturatzen naiz… Eta isilka ikasten dut…

5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean

Otoitzean bizi izandakoa jasotzen dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot… edo eskerrak ematen…begirune-keinuaz (eskuak elkartuz), eskerroneko keinuaz (eskuak irekiz) edo onarpen-keinuaz (gurutzearen zeinua)… Eta nire tokira ari naiz itzultzen. Hankak lasaitzen ditut, eskuak irekitzen ditut, begiak zabaltzen… Horrela amaitzen dut: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen

 

keyboard_arrow_up