Beti fidatu, adorea galdu gabe

Online

Lk 18, 1-8

0. TESTUA (Irakurri osoa)

Jesusek parabola hau esan zien, beti otoitz egin behar dela eta ez dela etsi behar adierazteko:

– “Bazen herri batean epaile bat, ez Jainkoaren beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona. Herri hartan bertan bazen alargun bat ere, eta han joaten zitzaion zera eskatuz: “Egidazu zuzenbide nire etsaiaren aurka”. Eta luzaroan ez zion jaramonik egin, baina azkenean bere baitan honela esan zuen: “Ez diot Jainkoari beldurrik, ez eta gizakiari begirunerik, baina alargun hau gogaikarri zait eta zuzenbide egingo diot, etengabeko buruhausterik eman ez diezadan.” Eta Jaunak honela bukatu zuen: “Begira zer dioen epaile zuzengabeak. Eta Jainkoak ez al die zuzenbide egingo gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain edukiko ote ditu luzaroan? Hara nik esan: Berandu gabe egingo die zuzenbide, baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ote du lurrean horrelako sinesmenik?””

 

1. EGOERA. Testuaren azalpen laburra.

Non elikatzen zuen Jesusek anaitasunaren, Jainkoaren Erreinuaren etorrera ahalbidetzeko bere motibazio sakona? Bere Jainko-Abbarekin etengabeko loturan. Bera beti zegoen “bere Aitaren gauzetan”, bere bizitzako egoera guztietan. Eta batzuetan pertsonalki Berarekin egotera joaten zen. Lukasen ebanjelioan, sarritan, otoitz egitera joaten da.

Zein da parabola honen zentzua? Jainkoari eskatu eta eskatu behar al diogu gure otoitzekin kasu egin diezagun, zeren, errepikakorrak ez bagara, ez baitigu eskatutakoa emango? Ezinezkoak ere eskatzea da kontua? Eta eskatzen duguna gertatzen ez bada? Orduan, zer, Jainkoak huts egin digu?

Ala Jainkoak bihotz-bihotzez maite gaituela, gure egoera eta premiez arduratzen dela eta inoiz ez gaituela eskutik uzten jakinda, Berarengan fidatzea al da kontua? Gogora dezagun Jesus, Baratzeko otoitzean: fidatzen jarraitu zuen. Bere bizitza salbatzea eskatzen zion, baina baita “egin bedi zure nahia” ere. Egoerarik txarrenean ere konfiantza izaten irakasten digu, bere bizitza, gure bizitza, berehalako arriskuan dagoenean. Hortxe zegoen Jesusengan, hau ohartzen ez bazen ere.

Alarguntsaren kasua da: dena zuen bere aurka. Gizarte hartan, benetako txiroak umezurtzak eta alarguntsak ziren. Holako batek ez zuen epaileari ordaintzeko dirurik. Ez zuen nolabaiteko laguntza lortzeko osperik. Ez zuen kasu egin ziezaion estutzeko botererik. Erabat babesgabea. Hala ere, jaramon egingo diolakoan jarraitzen du. Eta guk, norainoko konfiantza dugu egoerak ezinezko bihurtzen zaizkigunean Jainkoa nonbaitetik irtengo dela?

2. Otoitzean hasten gara – ISILTASUNA EGITEN DUGU.

Arnasa hartzen dugu sakonki. Arnasak estutzen gaituzten pentsamenduetatik ateratzen laguntzen digu eta orainaldean zentratzen gaitu, dagoen honetan.

Lasaitu egiten gara. Zentratu eta barreiaketa ekiditen dugu. Gure kezketatik aldentzen gara… Beranduago berriro ekingo diegu…

Gure barnearekin konektatzen gara, gure barnean dugun ‘Horrekin’, gure Bizi Iturriarekin. Barne isiltasuna egiten saiatzen gara. Lehenik, isiltasuna ez da zaratarik ez egotea, egorik edo nirik ez egotea baizik. Isiltasuna egiteko onena hauxe da: “geure maitasun, gurari eta axolatik irtetea”.

Sakonki entzuteko prestatuz goaz. Hauxe eskatzen dugu, otoitzaldi hau konfiantzaz-prestutasunez eta arduraz bizi ahal izatea.

3. IKUSI, ENTZUN, TESTUA DASTATU. Nik AURKEZTU DUT (ESCENA BERRIKUSTEN DUT). IKUSI, ENTZUN, GUSTATU…

OHARRA: Eten puntuak gelditzeko eta behatzeko (gustatzeko eta sentitzeko) lekua izan daitezela.

Testuan sartzen naiz, Jerusalenerako bideko gertaldian presente egiten naiz eta Jesusen, Hamabien, emakumeen eta beste ikasle batzuen atzetik doazenek bizi duten egoerari nire burua lotuz egiten dut, eta hau irakasten die: “Otoitz egin behar duzue beti gogoa galdu gabe“. Nire pentsamenduak gerarazi eta arnasa hartzen dut, non nagoen jabetzen naiz eta Jesus arretaz entzuten dut… Neure zentzumen guztiekin jartzen naiz horretan… Denbora hartzen dut…

Eta aukeratu duen adibidea entzuten dut: alarguna, defentsarik gabea, erabat babesgabea; eta Jesusi entzuten diot: “Epaile bihozgabe bat ere alarguntsari entzuteko gai bada, nola ez dizue entzungo zuen Aitak premia gorritik, larritasunetik, etsipenetik oihu egiten duzuenean?” Bere hitzek mugarik gabeko konfiantza pizten didate eta dastatu egiten dut Esku Onetan egotea…

Bere jarraitzaileen artean kezka bat antzematen dut eta Jesusi azaltzen diote: “Itxaroten duenak etsipena hartzen du. Noiz arte itxaron beharko dugu behea jota, indarrik gabe gaudenean?”… Eta Jesusek: “Jainkoak erantzungo du, itxaronarazten bazaituzte ere; fida zaitezte, itxaronaraziko bazaituzte ere”… Denbora hartzen dut ezinezkoaz fidatzen ikasteko, Jainkoa beti lanean ari baita…

4. JESUS ETA BIOK. GAURKOAN KOKATZEN NAIZ. 

Jesusek bere jarraitzaileei so egiten die eta une batean bere begirada nirearekin gurutzatzen da, eta zera esaten dit: “Beti Harengan fidatu behar duzu. Egizu beti otoitz gogoa galdu gabe. Nahi duzun ezer gertatuko ez dela dirudien arren, fida zaitez. Esku Onetan gaude.” Eta gurutzeaz oroitzen naiz: Jainkoa ez da agertzen Jesus gurutzetik jaitsiaraziz. Jainkoa, inork espero ez zuen tokian agertzen da, Jesus berpiztuz. Eta mugarik gabeko konfiantza hori izatea eskatzen diot eta fidatzen naiz.

Gogoan ditut igaro ditudan zailtasun-egoera batzuk: familia-egoeraren bat, gaixotasunen bat, lanik gabeko egoeraren bat, etsipen handikoren bat. Gogora ekartzen ditut: nolako konfiantzarekin bizi izan ditut? Testu hau irakurriz edo entzunez, nola berrirakurtzen dut bizi izandakoa?Hurrengorako zer ikasten dut?… Denbora hartzen dut…

Eta ulertzen ez ditudan hainbat egoera –oraindik ere gertatzen direnak (gerrak, goseteak…) — Jesusi azaltzen jarraitzeko profitatzen dut, eta hau esaten diot: “Gustatuko litzaidake egoera hauei irtenbiderik ematea, kosta egiten zait ezer egin ezinik eramatea, soilik konfiantza izanez”. Eta Jesusek: “Fida zaitez jende askorengan erreakzioak sortzen ari den Jainkoarengan, egoera horiei irtenbideak ematen jardun dezaten.” Ni ere, fidatzen naizenean eta entzuten dudanean, haurridetasuna bultzatzeko inoiz bururatuko ez zitzaizkidan gauzak egitera deitua sentitzen naiz eta, ulertu gabe, Bere eskuetan jartzen naiz…

 5. Eta otoitza bukatzen ari gara Jesusekin SOLASean.

Otoitzean bizi izandakoa jaso egiten dut. Gehien iritsi edo sartu zaidana kontatzen diot, niretzat zela ematen zuena, gehien identifikatu naizen hura: testu bat, hitz bat, irudi bat… Eta zerbait eskatzen diot edo eskerrak ematen dizkiot… erreberentzia keinu batez, eskuak elkartzea, eskerronez, eskuak zabalduz edo onarpenaz: gurutzearen seinalea… eta berriz leku honetara itzultzen naiz… askatuz oinaz, zabalduz eskuak… begiak irekitzen ditut…

Amen.

keyboard_arrow_up